Seme-alaben sexualitateaz gehiago ikasi dute Guraso Eskolan

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko otsailaren 8a

Guraso Eskola ekimenaren baitako bi saio egin dituzte asteon Kulturaten. Seme-alaben sexualitateaz jardun dute bertaratu diren aita eta amek. Udaleko Prebentzio sailetik antolatutako ikastaroak izan dira, eta Sexologia Bulegoko Montse Velascok eman ditu eskolak.

Martitzenean eta eguenean saio bana eskaini zuen Montse Velasco sexologoak Kulturateko Loramendi gelan. Batetik,  2 eta 6 urte bitarteko seme-alabak dituztenei zuzenduta, Sexualitate aske eta osasuntsu baterako oinarriak erakitzen berbaldia egin zuen Velascok.

"Urte tarte horretan zabalagoa da sexualitatearen kontzeptua. Gehiago zentratzen da harreman afektiboan eta ez dago horren genitalizatua". Sexologoaren esanetan, etapa ezberdinak bizi izaten ditugu txikitatik, "eta normaltasunez hartzea da oinarria, beti ere errespetuan". Velascorentzako, garrantzitsua da horrela jokatzea, harremanetarako oinarri sendoak eraikitzeko garrantzitsua baita.

Egueneko hitzordua berriz, 6 eta 12 urte bitarteko haurrak dituztenei zuzenduta egon zen. Sexu identitate sendoak eraikitzen berbaldian, masturbazioa, sexu harremanak edota orientazio sexualak izan zituen hizpide. "Urte tarte horretan barneratuta dugu neskak edo mutilak garen, baina konturatzen gara betiko dela. Baina gainera, sexu bakoitzaren rol sozialean ipintzen da arreta, eta horiek erlatiboak direla konturatzen dira".

"Bizitza osoan zehar egiten dugu heziketa sexuala; esaterako, gure seme-alabekin horretaz berbarik ez egitea erabakiz gero, jarrera bat erakusten diegu gaiarekiko". Lehenengo pertsonan hitz egitearen garrantzia azpimarratzen du Velascok, eta semea izan edo alaba, berdin jokatu beharko litzatekeela uste du."Gidatu egin behar dira, eta ez kontrolatu. Bestela, hezi ordez, kontrako efektua lortuko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak