Otsailaren 4an ireki zuten Emakume Txokoan Sexismoaren aurkako komiki-tiren erakusketa, eta datorren eguenera arte, hilak 14, egongo da ikusgai. Bertan, izen bereko lehiaketara aurkeztutako lanak daude erakusgai; 25 guztira.
Lehenengo edizioa izateko balorazio positiboa egin du Maite Barreña, Arrasateko Berdintasun Saileko teknikariak. Uste baino oihartzun handiagoa eduki du lehiaketak, eta Euskal Herriko mugak gainditu ditu; hala, Katalunia, Galizia edota Andaluziatik ere jaso dituzte komiki-tirak. "Sarean proposamena hedatzeak hori dauka, handik eta hemendik iristen direla lanak. Polita dena, horrenbeste jendek ideia berdin batekin bat egitea da".
Sexismoarekin erlazionatutako jarrera ezberdinak islatzen dira lanetan. "Batzuk behin baino gehiagotan entzundakoak dira, eta besteak berriz, harrigarri xamarrak. Gainera, testua irudiarekin batu beharrak oso lan politak sortzea ekarri du".
Lehenengo saria, Tarragonara
Guztira 17 egilek hartu dute parte, eta lan bat baino gehiago aurkeztu zitekeenez, orotara 25 lan jaso dituzte. 1.go saria Tarragonara joan da, eta Joaquim Carrok eraman ditu 400 euroak. Euskarazko lanik onena, berriz, Ainara Azpiazu hernaniarrak egindakoa izan da eta beste 400 euro eman dizkiote.
Bi sari nagusiez gainera, bi accessit ere eman dituzte: Maria Esther galiziarrarentzat bat, eta Maitane Gartziandia hernaniarrarentzat bestea.
Lan horiek eta gainerakoak ikusteko aukera egongo da, beraz, hilaren 14ra arte. Ordutegia, 11:00-13:00 eta 15:00-19:00, astelehenetik eguenera.