Eneko Girado arrasatearrak eta haren txakurrak joan den asteburuan Zaragozan jokatu zen Nazioarteko Txakur Erakustaldian parte hartu zuten. "Txakur haztegi bat daukan lagun batek oparitu zigun, alabarendako. Hark esan zidan ea animatuko nintzen txakurra Zaragozako lehiaketara eramaten, eta eroan egin nuen", kontatu digu.
Oso txakur ona
Arrazaren eta adinaren arabera taldetan banatuta hartzen dute parte lehiaketan. Jura-k beste zortzi txakurrekin lehiatu behar izan zuen; lan bikaina egin zuen, oso txakur ona dela erakutsi du: "Saria izan daiteke txakur normala, ona, oso ona edo bikaina. Jura-k oso onaren saria eskuratu du. Pozik nago. Oso ondo portatu zen eta agindu guztiak bete zituen".
Txakurrak ring izeneko ibiltoki (pasarela) moduko batera eraman behar dira, eta epaileak emandako aginduak bete. Besteak beste, hortzak, ibilera, muskulazioa, postura eta ilea hartzen dira kontuan".
Txakurren 'look' harrigarriak
Eneko Girado harrituta gelditu da Zaragozan ikusitakoarekin: "Ikaragarria da batzuek nola zaintzen duten txakurra. Aho zabalik gelditu nintzen. Lehiakide batzuek ile-apaintzaile propioa eramaten dute lehiaketara, ilea lisatzeko plantxak, milaka produktu. Txakur bat ikusi nuen fardelarekin. Askorendako, seme-alaben moduan dira, euren altxorra".
Bada, Zaragozan ondo joan zaiela-eta Giradok eta Jura-k beste lehiaketa batzuetan parte hartzeko asmoa dute orain.


