2013ko urtarrilean Udalak pauso berri bat eman du garraio publikoa sustatzeko. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzan sartu da Arrasateko Udala eta horrek zuzenean onurak ekarriko ditu erabiltzaileendako. Mugi Txartela du izena eta honakoak izango dira onura nagusiak:
- Kontagailu bakarra: Orain arte Arrasateko urbanoan egindako bidaiak eta Pesarekin egindako bidaiak bakoitza bere aldetik kontabilizatzen ziren. Horrenbestez, bidaia tramu batetik bestera aldatzea oso zaila zen. Mugi txartelarekin kontagailu bakarra erabiliko da bai herri barruko, bai herritik kanporako bidaiak zenbatzeko eta errazagoa izango da hobari gehiago duten tramuetara heltzea.
- Bus aldaketetan hobariak: Orain arte ez bezala, Mugi txartelarekin, bus aldaketak kontuan hartuko dira. Segidan bi operadore ezberdinekin bidaiatuz gero, bidaia merkeena %25 ordainduko da.
- Hobariak asko hobetu dira, orokorrean: 0-5 bitarteko haurrek dohainik bidaiatuko dute.
25 urte arteko gazteek %12ko deskontua izango dute eta %15eko hobaria errekarga egiterakoan.
Adinduek, ezinduek eta gizarte kolektibotakoek, azkenik, %52ko deskontua eta %108ko hobaria errekarga egiterakoan.
'Parot Doktrina'-ren aurka
Bildu eta Aralar udal taldeek aurkeztu dute Parot Doktrina-ren aurkako mozioa. Mozioa irakurri ostean, Aritz Arrieta PSE-EEko bozeramaileak hartu du hitza; kontra bozkatzeko eman dituen arrazoien artean honakoak aipatu ditu: preso politikoak ez direla "inondik inora", eta alderdi sozialistak beti onartu izan duela legeak dioena: "Auzitegi Konstituzionalak Parot Doktrina onartzen duenez, guk ere onartzen dugu".
EAJko Juan Karlos Garitano ere laburra izan da bere interbentzioan: "Gu beti egon gara 'Parot Doktrina'-ren aurka eta beraz, mozioaren alde bozkatuko dugu".
Bilduko bozeramaile Iraia Solak, besteak beste, Jesus Mari Zabarte preso arrasatearraren kasua aipatu du. Gogora ekarri du 29 urte daramatzala espetxean eta doktrinak 2015era luzatu diola espetxealdia.
Aralar taldeko Joxe Etxeberriak, azkenik, "lekuz kanpoko eta mendekuzko doktrina" moduan deskribatu du 197/2006 doktrina.
EAJ, herri kurduaren alde
Beste mozioen artean EAJk herri kurduaren alde aurkeztutakoa aipatu beharra dago. Turkiako Gobernuari errepresio bidea albora utz dezala eta talde armatu kurduei indarkeria uzteko eskatu dute jeltzaleek: "Dei egiten diegu Turkiako Gobernuari eta herri kurduaren ordezkariei hasitako elkarrizketaren bideari zintzoki eusteko, hori baita modu bakarra gatazka kurduaren behin betiko konponbidea lortzeko".
Mozioa onartu egin da Bildu, Aralar eta EAJren aldeko botoekin (16). Sozialistak abstenitu egin dira.
Iraia Solaren azken osokoa
Amaitzeko, azken bi urteetan Bilduko bozeramaile izan den Iraia Sola zinegotziak kargua utzi du arrazoi pertsonala direla medio. Haren lekua hartuko du Miren Josebe Jasone Landaluze Ruiz de Alegriak, hauteskunde zerrendan hurrengo zegoenak.
Solak talde guztietako zinegotzien agurra jaso du eta esker on hitzak izan ditu: "Eskerrik asko denoi. Gazteria batzordean egon zareten guztioi eskerrik asko, lan ona egin duzue bi urteotan". Inazio Azkarragaurizar alkateak ere eskerrak eman dizkio Solari eta zorte ona opatu dio etapa berrian.