Nola murgildu zinen rap musikaren munduan?
Rap musika entzutea oso gustuko nuen gaztetatik eta egun batean letra bat idatzi eta eskuko grabagailu bat erabiliz base erritmiko baten gainetik nire ahotsa grabatzeari ekin nion. Hasieran, egia esan, edukiak eta kalitatea nahiko pobreak ziren, baina, gogo handia nuenez, aurrera jarraitzea erabaki nuen.
Eta ordutik hona zein izan da zure ibilbidea?
Ba, urteak pasa ahala ikasiz joan naiz, eta 2006an nire lehen maketa kaleratu nuen. 2006 zuen izena eta 10 abestik osatzen zuten. Kantuen baseak eta hitzak nik neuk konposatu nituen eta guztiz autoekoiztua izan zen; egia esan, soinua trakets samarra zen. Urte eta erdi pasatu ondoren, El retorno del poeta maketa argitaratu nuen 13 abesti propiorekin, eta soinu aldetik hobera salto egin nuen. Garai hartan soinu bikaina zuela uste nuen; gaur egun, hau entzutean beste era batera pentsatzen dut. Ordutik aurrera kontzertuetan eta kantuak konposatzen ibili naiz. Hala ere, 2010. eta 2012. urteetan nahiko geldi ibili naiz, bizitzako gorabeherak tarteko. Baina 2012a aurrera joan ahala, indarrak batu eta material guztia berritu ondoren, denbora gutxi barru entzun ahal izango duzuen maketa prestatzeari ekin nion.
Konta egiguzu lan berriari buruz gehiago.
Habla hasta la muerte izango da lan honen titulua eta 15 abestiz osatuta egongo da. Kantuetan gai ezberdinak jorratzen ditut; Carta al señor presidente-n, adibidez, gizarteari kritika zorrotza egiten diot; Años 90 kantuan, ostera, beste garai batzuk ekartzen ditut oroimenera eta Crema para tus oidos-en, gaur egun rap musika nola ikusten dudan azaltzen saiatzen naiz. Oraingo honetan, soinua askoz ere profesionalagoa da, grabaketa material hobearekin egin dut lan eta masterizazioa eta nahasketa Ander Ferro soinu teknikari bilbotarrarekin elkarlanean egin dut. Kantu gehienak gazteleraz eginda daude; hala ere, euskarazko kanturen bat ere izango da maketa berri honetan; Arimaren garraxia, esate baterako.
Non eta nola grabatu duzu?
Lan handien etxeko estudioan egin dut. 2012an inbertsio nahiko garrantzitsua egin nuen grabazio materiala erosteko; besteak beste, mikroa, soinu txartela eta ordenagailua erosi nituen, eta, horrekin, nire etxean estudio txiki bat muntatu nuen, ez da estudio profesional bat, baina ondo grabatzeko adina dela uste dut. Beraz, etxean baseak eta ahotsa grabatu ondoren, esan bezala, Ander Ferrerori bidali dizkiot eta bion artean azken emaitzara heldu gara. Egia esan, emaitzarekin oso pozik nago.
Zeintzuk dira zure influentziak konposatzeko momentuan?
Urteak daramatzat rap estilo ezberdinak entzuten, batez ere gazteleraz egindako rapa; hala ere, euskaraz egindakoa edo Frantzia eta AEBetatik datorren rapa ere oso gustuko ditut. Influentzia asko barneratzen ditut, baina, guztien gainetik, Ignacio Fornes Nach Alacanteko raparia dut mundu honetan ispilu. Nik atsegin dudan eta egin nahi dudan rap estiloa rap poetiko samarra da, puntu kritikoarekin. Ez dut askorik estimatzen rap hutsa; nire ustez, abesti bat entzuterakoan zerbait transmititu behar du. Nire raparen bitartez mezu bat zabaldu nahi dut, ez da errima hutsak egitean oinarritzen den rap mota. Azken finean, gutako askok egunerokoan pentsatu baina adierazten ez ditugun egoera eta sentimenduak salatzen eta helarazten saiatzen naiz nire kantuak erabiliz.
Zure karrerako zein momentutan zaude orain?
Momentu helduenean nagoela uste dut. Asko ikasi dut bizitako esperientziez, egindako abestiez, emandako kontzertuez... Nire raparekin adierazi nahi dudana oso argi daukat, baita nola egin nahi dudan ere. Soinu kalitateari dagokionez ere aurrerapauso handia eman dut eta orain profesionalen laguntza izan ohi dut, gainera. Beraz, hau guztiau adinari eta esperientziari gehituz, momentu onean nago.
Zerk bultzatzen zaitu aurrera jarraitzera?
Ez daukat erantzun argirik. Honetan ematen dudan ordu piloa kontuan hartuz... kontzertuak, grabaketak, idaztea... eta nire lanaren orduak batuz, askotan, zer pentsatu ematen du. Gainera, atzetik ez dut diskoetxerik; beraz, nire poltsikotik egiten ditut inbertsio guztiak. Beraz, hau entzunda badirudi honek guztiak ematen didana baino gehiago kentzen didala. Baina hor sartzen dira sentimenduak; idazteak eta gero hori kantu bihurtzeak norbait naizela gogorarazten dit, egoerak salatzeko zerbait egin dezakedala. Gainera, beste batzuengana heltzea eta haiekin feedback-a lortzea azaldu ezina da.
Zein da raparen egoera gurean?
Rap musikaren indarra gaur egun underground eszenan dago. Interneten ehunka gaztek euren kabuz egiten duten lana entzun daiteke eta horietako batzuek kalitate handia dute. Baina hauen arazoa bultzada falta da, diskoetxe gutxik editatzen dute rap musika eta ez dira asko arriskatzen. Hala ere, rap negargarria egiten duten pertsonaia kopuru bat badago; adibidez, letra penagarriekin bi kantu egin eta izar moduan jokatzen dutenak. Denetarik dago, nik rap zentzudun eta erreala gustuko dut, asko dago eta.