‘Zuzeneko Instanteak’ deituriko argazki erakusketa heldu zen atzo Arrasateko Kulturatera. Musika zuzenean web orrikoek, Korrika kulturalarekin bat egin ondoren 20 argazkilarik ateratako zuzeneko momentu hauek Euskal Herrian barrena bidaiatuko dute datozen hileetan.
Atzokoan, erakusketaren aurkezpen jaia egin zuten zuzeneko musika eta pintxoekin batera. Erakusketa hau egitearen ideia musika zuzenean egitasmoa aurrera egin ahala garatuz joan da. Koldo Otamendi, musika zuzenean orriko kideak esan zuen bezala, ‘hasieran interneten argazkiak igotzen hasi ziren argazkilariak. Baina denborak aurrera egin ahala, argazki hauei beste irteera bat ematea pentsatu genuen, eta hemen gaude gaurkoan’.
Azpimarratzekoa da argazkilariak ez direla profesionalak, hala ere, diskoen azalak edota musika taldeen promozio argazkiak egin izan dituzte, beraz ez dira mundu horretan hasiberriak. Koldo Otamendiren ustez, instante hauek argazkilaritza eta musikagatik parte hartzaileek duten grina batzean sortu dira, eta argazkilari bakoitzaren nondik norakoak ikusi daitezke bertan. Musika munduko alor edo eszena ezberdinak daude islatuta, adibidez Hodei Estebanek lantzen duen underground eszena edota Saioa Cabañas, eszena komertzialagoa.
19:00ak inguruan herritarrak erakusketa ikustera gerturatzen hasi ziren, eta adin ezberdinetako musika eta argazki zaleak ikusteko aukera egon zen. Argazkien indarraz gozatu ondoren, zuzeneko musikaren ordua heldu zen, eta horretarako Arrasateko Sala anaiak, Yul eta Iago igo ziren eszenatokira. Lau kantu jo zituzten formatu akustikoan, besteak beste, The Pogues edo Social Distortion taldeen bertsioak. Giro polita sortu zen Kultur Ateko aretoan eta musikari zein ikusleak musika zuzenean egitasmoarekin eta korrika kulturalarekin bat egin zuten. Asier Sala musikariaren esanetan, ‘oso beharrekoa da musika zuzenean bezalako egitasmo bat gaur egun. Euskal Herrian ehunka talde gaude astebururo alde batetik bestera gure ideiak eta mezuak zabaldu nahian, baina gure atzetik ez daude irrati, aldizkari edo medio indartsurik, beraz horrelako ideiak gaur egun inoiz baino garrantzitsuagoak direla uste dut’.
Esan bezala, korrika kulturalarekin bat egin du musika zuzenean web orriak sortutako erakusketa honek, pasa den Azaroan Andoaingo Bastero kultur-etxean estreinatu ondoren. Otamendiren ustez, biak ala biak ederto uztartzen dira, gaur egun Euskal Herrian dagoen musika mugimenduaren lagin bat irudikatzen dutelako, eta argazkietako talde gehientsuenek euskaraz lotura dutela era batera edo bestera.
Erakusketa ikusgai
Zuzeneko instante hauek, datorren otsailaren 10era arte egongo dira ikusgai Kulturateko klaustroetan. Horrez gain, astean zehar, beste hainbat ekintza antolatu dituzte, adibidez Napoka Iria taldekoekin solasaldia edo Petti eta Joseba Irazokiren emanaldiak Taupa eta Iluntz tabernatan.