Oles egitera gatoz… Ieup!

Ubane Madera 2013ko otsailaren 4a

Estreineko kantua parrokian egin ostean, bi taldetan banatu eta Musakolara eta Bedoñara bidean dira aurtengo Arrasateko Santa Ageda Koruak. Egun osoko zeregina dute aurrez aurre. Zeregin gozo askoa, hori bai. Poltsak betetzeko eskaera egingo duten arren, gaurkoan eske hori eskuzabaltasunez eta jaki gozoez lagunduta hartuko da-eta. Urte luzez ondutako ahotsen doinu indartsuak entzun gura izanez gero, 13:30ean dago horretarako aukera, udaletxean elkartuko dira eta bazkal-aurretik bi taldeok. Gero, iluntzean segiko dute, kalez kale. 

Zapata sendoak jantzi, guardasolak eskuan hartu, eta auzoz auzo eta baserriz baserri abiatu aurretik, San Juan parrokian lehen orduko meza entzun, eta bertantxe eskaini dute aurtengo lehenengo kopla Santa Ageda Koruek. Eta ez-ohikoa izan arren, argazkilarien flashek eta mezetara joandakoen txaloek lagundu dituzte lehen doinu horiek. 

Behin meza entzunda, txistuaren doinuak lagunduta abiatu da Santa Ageda Koruen lehen taldea Musakola ingurura. "Arangureneko baserrira, Zigorrolara joango gara lehenengo. Eta Musakolako baserri guztiak egin, Zigorrola auzoa, lantegiak, gasolineria, eskolak… denak egingo ditugu goizean. Eguraldi onarekin edo txarrarekin, gu beti aurrera. Eta ondo hartzen gaituzte. Jendea pozik dago ohitura honekin, eta guk segi egingo dugu", kontatu digu Luis Manek, Musakolako taldeko bozeramaileak. 

Musakolara joan den talde horretan, gainera, bada bitxikeriarik: urtero, Kataluniatik Euskal Herrirako bidea hartzen duen Rafael Azkoaga arrasatearra. Aurten ere, pozik aurkitu dugu parrokiaren kanpoko aldean, gaurko eguna ederki aprobetxatzeko gertu: "Katalunian Euskal Etxean egiten dute, datorren zapatuan egingo dutela uste dut, koplak abestu-eta. Baina ni urtero nator hona, hiruzpalau egun hartu eta… aprobetxatu egin behar da. Ahal denean etorri egin behar da, behintzat". 

Bigarren taldeak, berriz, Bedoñarako bidea hartu du; kasu honetan, trikitilariek lagunduta:

Hori bai, Bedoñara abiatu aurretik, herriko diru-batze batzuk egin dituzte. Besteak beste, Banco Santander eta Kutxa bisitatu dituzte. "Gizonak bakarrik daude talde honetan, emakumeek ez dute gurekin etorri nahi, nahiago dutelako gazteekin joan", kontatu dute umoretsu.

Arratsaldekoak

Bazkalostean, San Viator eta Erguingo ikasleak bisitatuko dituzte; 16:30ak baino lehenxeago izango da.

Kalea ere girotuko dute; 19:00etan Monte taberna kanpoan abestuko dute, eta ondoren, talde bat Erdiko kaletik abiatu bitartean, bestea Iturriotzetik joango da. Eguna amaitzeko, 21:00etan, Herriko plazan abestuko dute.

Kontuak kontu, emakume zein gizon, nagusi zein gazte, gaur Ageda deunaren izenean egingo dute oles. Eta batutakoa, gainera, berhatsuenen artean partituko dute ostean, Caritasen bitartez.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak