2012ko ekainean hasi ziren tapoiak batzen. Ordutik, Arrasate eta beste hainbat herritan tapoiak jasotzeko guneak zehazteaz gain, zozketa eta elkartasun kontzertua ere antolatu dute. Abenduaren 26an egin zen kontzertu hori eta gaztetxea lepo bete zen; 2.300 euro inguru lortu ziren egun hartan.
Aulkia birritan apurtu zaie
Kanpaina amaitutzat ematea erabaki dute helburu gehienak bete dituztelako. Helburu bat ez dute bete: "Paseorako aulki berria da falta zaiguna; bost hilabete itxaron beharko dugu", dio Angel Agreda aitak. Izan ere, abuztua ezkero birritan apurtu zaie aulkia. Beste helburuak, berriz, bete dira; etxean egin beharreko egokitzapen obrak, bainugelarako aulkia eta kotxearen egokitzapena ordaindu ahal izan dute herritarren elkartasunari esker.
11 bat tona guztira
Oraingoz zortzi tona jaso dutela ziurtatu digute eta beste kamioi bat noiz etorriko zain daude oraindik: "Gutxi gorabehera beste 3 tona egongo dira kamioi horretarako", dio amak. 11 tona guztira, beraz. Elkartasun uholdea hainbat herri ezberdinetatik heldu da. Arrasatez aparte, Eskoriatzan, Oñatin, Bergaran, Ordizian, Beasainen, Elorrion eta Gasteizen ere batu dituzte tapoiak. Zerrenda luzea da oso: "Ez genuen espero deialdia horrenbeste zabalduko, oso pozik gaude", dio Agredak.
Oraindik tapoiak dituztenek, gogoratu zeintzuk diren tapoiak uzteko gune nagusiak: BAZ eta Udal azoka.