Arrasateko udaltzaingoak ibilgailu hibridoak estreinatuko ditu

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko otsailaren 1a

Bi ibilgailu berri erosi ditu Arrasateko Udalak udaltzainek erabili ditzaten. Hibridoak dira, hau da, motor elektrikoa eta gasolinaduna konbinatzen dute. Gaur, otsailak1, iritsi dira udaltzaingoaren egoitzara.

Udaltzainek bi ibilgailu berri dituzte eskura gaurtik. Hibridoak dira, eta hala, erregai kontsumoa murriztuko dute. Oro har, ingurumenarekiko jasangarriagoak dira, atmosferara igortzen den CO2 emisioa ere txikitzen baita. 

Udaletik jakinarazi dutenez, azken urteetan alokatu egin dituzte udaltzaingoaren autoak. Baina ikerketa baten emaitzen arabera, ohartu dira ekonomikoagoa irteten zela ibilgailuok erostea, eta hala, bi eskuratu dituzte."Konpakto erako ibilgailu hibrido bat eta Lur orotarako ibilgailua."

Udalak jakitera eman dutenez, Toyota Euskoauto 2003 S.L. enpresari esleitu zitzaion horniketa. Erosketa egiteko orduan, Udalak aintzat hartu ditu iraunkortasun irizpideak. "2004an hartutako konpromiso batetik dator erabakia. Arrasateko Udalak Erosketa eta Kontratazio publiko berdea aplikatzeko konpromisoa hartu zuen eta geroztik hainbat erosketa eta kontrataziotan aplikatu ditu iraunkortasun irizpideak".

Besteen artean, paperaren erosketa,inprentaren zerbitzua edota erosi berri dituzten ibilgailuak aipatu dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak