Mugikortasun planean jasotako ekintzek pisu berezia dute Arrasateko Udalaren 2013ko aurrekontuaren inbertsioen atalean. Izan ere, 220.000 euroko partida du aparkatzeko TAO sistema ezartzera eta herriko seinaleztapena egokitzera bideratuta. MUren eskola politekniko inguruko kaleetan ezarriko dute TAO, proba modura. Ikasleen joan-etorriak direla-eta, astean zehar ibilgailu dentsitate handia izaten duelako aukeratu du Udalak unibertsitate ingurua. Udalak uste du ez dela egokia autoak ordu luzeetan egotea aparkatuta, eta beharrezkoa dela aparkalekuak txandakatzea, gidari gehiagok izan dezaten ibilgailua inguru hartan uzteko aukera. Arrasateko TAO ordaindu egin beharko da gainera, nahiz eta ordu eta erditik hasita eta kopuru txikian, udaletik jakitera eman dutenez. Hori astelehenetik egubakoitzera, goizeko bederatzietatik arratsaldeko zazpietara; ordutegi horretatik kanpo eta asteburu eta jai egunetan eta abuztuan ez da TAOrik egongo. Sistema indarrean jarri aurretik udaletxeko arduradunak bilerak ari dira egiten unibertsitatearekin, auzotarrekin eta merkatari eta ostalariekin. Kontuan hartu ei dituzte jasotako ekarpen interesgarriak, eta prest daude zerbitzua hobetzeko beste edozein proposamen entzuteko ere. Urte erdi ingururako jarriko dute TAO indarrean, eta emaitzak aztertuta asmoa da herriko beste gune batzuetara zabaltzea poliki-poliki.
Bidegorriak ere bai
2013ko aurrekontuak 30.000 euro jasotzen ditu hainbat bidegorri zati egokitzeko. Hauen artean, Araba etorbidea eta Takolo eta Garaia arteko ingurua berriz urbanizatzeko egitasmoen barruan, herriko bidegorri sarerako zati berriak aurreikusten dira.
Bestalde, garraio publikoa ere Arrasateko Udalaren arduren artean dago. Udalaren ustez eskaintza zabala da, baina erabilera ez espero bestekoa, besteak beste, auzo garaietarako igogailuek duten harrera onagatik. Ezinbesteko jotzen dute egungo ibilbideak berraztertu eta zerbitzua egokitzea.
Azkenik, seinaleztapenari dagokionez Udalak gabeziak ikusi ditu herriko hainbat puntutan, eta ba omen dira egoera txarrean dauden hainbat seinale ere. Horiek konpondu eta behar den lekuetan berriak jartzeko asmoa dute.