Aitor Fernandez: "Taldekideek egindako harrerak harritu nau, jende oso zabala dago hemen"

Xabier Urtzelai 2013ko ots. 1a, 10:57

Aitor Fernandezi (Arrasate, 1991) egun batetik bestera aldatu zaio bizitza. Athleticek utzita, Barakaldon urte ona egiten ibiltzetik Vila-realek fitxatzera pasa da. Aste barruan egin du Castello aldera bidaia, eta dagoeneko taldearekin entrenatu da. Lehenengo postuagatik borrokatzera joan da Vila-realera.

Zer moduz?

Oso ondo. Gaur [Eguaztena] entrenatu naiz lehenengoz taldekideekin, eta oso harrera ona egin didate, taldean bat gehiago izan naiz.

Deserosoa izango da hotelean bizitzea...

Bai, pare bat egun baino ez ditut egin, eta dagoeneko nekatuta nago. Ea lehenbailehen aurkitzen dudan pisu bat.

Egun batetik bestera, zela aldatzen den futbol jokalarien bizitza... 

Ba bai. Barakaldon pozik nenbilen jokatzen, aurreko urteetan lesio batzuk tarteko ezin izan dudalako nahi beste jokatu. Aurtengo helburua minutuak batzea zen, jokatzea, eta orain Vila-realera etortzeko aukera suertatu zaidanean, ezin ezetz esan.

Zelan hartu zaituzte Vila-realen?

Ba egia esan, oso ondo. Oso jende zabala dago hemen, oso-oso zabala. Bestalde, harrituta geratu naiz hemengo kirol instalazioak ikusita, izugarriak dira.

Joan den astean Sabadelli 3-0 irabazi izanak lagunduko zuen aste barruko giro onean.

Bai, hori beti da lagungarri, baina dagoneko Sabadellen kontrako garaipena ahaztuta dute, eta jendea Guadalajarako partiduan pentsatzen dabil. Ea partidu hori irabazten dugun. 

Deigarria da gabonetako merkatuan Vila-realek zenbat fitxaketa egin dituen, zortzi bai. Jakinda, gainera, harrobia zaintzen duen taldea dela. 

Horrek erakusten du talde honetan zelako presioa dagoen. Vila-realen helburua Lehenengo Mailara bueltatzea da, eta halakoetan normala da fitxaketak egitea.

Marcos Senna, Farinos... Vila-realek oraindik sasoi bateko izen handiak mantentzen ditu taldean. 

Pribilejioa da halako jendearen ondoan futbolean jokatzea. Maila oso oneko jokalariak daude hemen, selekzioaz Europako txapeldun izan direnak eta Lehenengo Mailan urtetan jokatu dutenak [Aldaketa handiak izan dituzte egunotan Vila-realen, hainbat fitxaketa egiteaz batera beste batzuk taldea utzi dutelako, tartean, Walter Pandianik].

 

Ligan 8. postuan dago Vila-real, eta bi puntura dituzue igoera faseko playoff-ak. Beste talderen batendako ez da sailkapen txarra, baina ez zuena moduko taldearendako.  

Azken baten, aurtengo ligan Vila-real da talde guztiek mendean hartu nahi duten taldea, erreferenteetako bat gara eta kontrarioak etortzen dira urteko partidu onena egiteko asmoaz. Horrek exigentzia maila igo egiten du. Dena dela, taldean badago kalitatea goian egoteko.

Denboraldi erdian iritsi zara taldera, eta beste bi atezain daude. Halakoetan ez da izaten erraza titular postuagatik borrokatzea. 

Ez, baina horretarako etorri gara, titular postuagatik borrokatzera. Ea zorte apur bat dugun, eta lekua egiten dugun.

Amaitzeko, zelan baloratzen dituzu Athleticen egindako urteak? 

Athletica oso garrantzitsua izan da niretako, asko zor diot talde horri, besteak beste, eurei esker nagoelako gaur hemen. Orain, baina, Vila-realen tokatzen da dena ematea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak