Berrogei urtez arrasatearrei kultura musikala barneratzen

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko otsailaren 1a

Arrasate Musikalek 1972an Metalurgica Cerrajera Mondragon enpresak utzitako pabiloian -egun Mankomunitatea dagoen eraikinean- hasi zuen bere bidea, eta ez da nolanahikoa izan egin duen ibilbidea. Urte asko pasatu dira, eta lekualdaketei eta beste makina bat gertaerari aurre egin behar izan diete 40 urteotan.

Juan Artzamendi, kapitain 

Musika eskolaren historiari begiratuta, derrigor egin behar da Juan Artzamendiri buruz berba. "Hura izan zen Arrasate Musikalen bultzatzaile nagusia eta argi zeukan hasiera-hasieratik maila altuko musika eskola bat gura zuela". Hala esan digu Marta Izagirrek, egungo zuzendariak. 

Gaztetan sortu zitzaion musikarekiko pasioa Artzamendiri; ezagutzen zutenek badakite gehien gustatzen zitzaiona konposatzea zela. Dena den, ilusio berezia egiten zion mundu guztiari musikarekiko zaletasuna transmitituko zion akademia bat sortzea. 

Danok Abesbatzako zuzendaritzarekin batera akademia bat sortzeko ideia garatzen hasi zen 70eko hamarkadan; azkenik, 1972an Arrasate Musikal sortu zen. Juan Artzamendi bera izan zen lehenengo zuzendaria, eta hala jardun zuen 20 urtez, harik eta 1992an erretiroa hartu zuen arte. Orduan Jose Ramon Vitoria izendatu zuten musika eskolaren zuzendari eta 1995ean, Marta Izagirre, egun karguan dagoena. 

Eskolatik kontserbatoriora

Zifra onekin estreinatu zen Arrasate Musikal; lehenengo urte hartan 330 ikasle eduki zituen. "Arrasatearren partetik oso erantzun ona" egon zela azpimarratu  digu Izagirrek. Zenbakiek gora egin dute denborarekin, eta egun 594 lagunek dihardute bertan.  

Baina ikasle kopurua bakarrik ez, Artzamendiren proiektua bera handituz joan zen denborarekin, eta, besteak beste, orkestra sortu zuen. Taldeak zenbait emanaldi eskaini zituen Arrasatetik kanpo, eta baita Euskal Herriko mugetatik at ere: Madrilen (1982) Santiagon (1982), Erresuma Batuan (1982), Italian (1985)... 

Bestalde, musika eskola izatetik kontserbatorio izatera igarotzea lortu zen. Horrek hezkuntza arautua ematea ekarri zuen, eta ikasketak bertan amaitzeko aukera zegoen.

"Jende ugari etortzen da inguruko herrietatik ere". Halere, Izagirreren arabera, 1992an LOGSE sartzearekin erabaki zuten kontserbatorio izateari utzi eta arautu gabeko musika eskola izatera igarotzea. "Ikasle gehienak afizioagatik etortzen dira, ongi pasatu eta, musika tresna bat jotzen ikasteko, eta horrexegatik erabaki genuen urratsa ematea". 

Ongi pasatzeko nahiari kasu egin eta "hezkuntza praktikoago bati lehentasuna ematen hasi" zen Arrasate Musikal, eta ondorioz, taldeak ugaritu ziren: Banda sortu zen, esaterako. 

Gaur egun, Arrasate Musikalek Banda txikia eta handia, Orkestra gaztea eta sinfonikoa, Big Band, Perkusio taldea, talde mistoak eta dantza taldea ditu.

Kultura mugimenduaren parte

Urte hauetan guztietan Arrasate Musikaleko kideek garrantzia eman diote kalera irten eta herriko kultura mugimenduaren parte izateari; ikasitakoa praktikan ipintzea eta herritarrei gerturatzea, horixe helburua. Jaietan dela, edo data bereziren batean...

Egungo xedeetariko bat izango litzateke Arrasate Musikalek eta herriko bestelako mugimenduek (euskal dantza taldeek, esaterako) bat egitea. "Indarra emango liguke talde bezala, guztioi. Horrez gainera, leku berean egoteak ere lagunduko luke".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak