Bere hedadura eremua Arrasate eta inguruko herrietako bazkideengana mugatzen bada ere, Euskal Herri osoan zein Espainian bizi diren bazkideak ditu elkarteak: Donostia, Gasteiz, Bilbo eta, Malaga, Cadiz zein Tenerife, besteak beste.
Bizirik, inongo zerbitzurik ez
Eguneroko lanean, helburu nagusia da heriotzaren osteko lehen laguntza eskaintzea: "Bazkidea hil ostean eskaintzen dugu zerbitzua. Hau da, bizirik dagoen bitartean ez dugu inolako zerbitzurik eskaintzen", adierazi du Alberto Ojanguren elkarteko maizterrak. 1983ko uztailaren 29a ezkero dihardu lan horretan; bere ardura da, besteak beste, telefonora adi egotea 24 orduz.
24 orduko zerbitzua
Izan ere, 24 orduko zerbitzua eskaintzen du San Felipe Apostol Elkarlaguntzako Elkarteak, 943 79 16 82 telefonoan. Horrez gain, Zigarrola auzoko bulegoa –Gipuzkoa etorbidearen 33. zenbakian– zabalik dago astelehenetik egubakoitzera: 09:30etik 12:00etara eta 16:30etik 19:00etara.
Honakoak dira zerbitzu nagusiak: Espainia barruan hil denari hil den tokitik bizi den edo erroldatuta dagoen herrira eramatea, hilkutxa eskaintzea, herrian zehar eskelak jartzea, auzitegietako tramite guztiak egitea, mediku ziurtagiria egitea eta, era berean, hildako bazkide bakoitzari 750 euroko diru-laguntza ematea. Heriotzagatik ematen den laguntza 700 eurotik 750 eurora igotzea erabaki zuten azken Batzar Orokorrean, urtarrilaren 27an.
Zuzendaritza talde berria
Batzarra joan den urtarrilaren 27an egin zen. 1986a ezkero elkarteko idazkaria den Jose Ignacio Elorzak jakinarazi digu "oso motza" izan zela batzarra, ordu erdi eskasekoa. 155 bazkidek hartu zuten parte: hasteko, azken batzarreko akta, urteko memoria zein diru-kontu balantzea irakurri eta onartu zuten. Gero, diru aldetik elkartea osasuntsu dagoela berretsi zuten –2011n baino 100 bazkide gehiago ditu– eta, azkenik, zuzendaritza batzorde berri izendatu zuten.
Urteroko kuota 25 eurokoa izango da titularrendako eta ezkontideendako; onuradunendako, berriz, 12 eurokoa. Bazkide izateko tarifak berriz, adinaren araberakoak dira: 40 urtetik beherakoek sarrera dohainik dute eta 70 urtetik gorakoek, berriz, 1.350 euroko ekarpena egin beharko dute.
-----------------
Zuzendaritza batzordean sartuko direnei ongietorria
Batzar Orokorrak onartu zuen zuzendaritza taldea. Urtero kide berriak sartzen dira, trantsiziorako tartea egon dadin. 2013rako honakoa izango da zuzendaritza taldea: Juan Jose Pagaldai (presidentea), Ramon Azkarate (presidenteordea), Jose Ignacio Elortza (idazkaria) eta Santiago Garai (diruzaina). Era berean, zuzendaritzako batzordekide izango dira Josu Axpe, Mikel Iturbe, Alberto Laskurain, Aitor Ormaetxea, Kepa Ormaetxea eta Juan Rodriguez. Otsailaren 23an egingo dute urteroko bazkaria, datozenei ongietorria egin eta joango direnei egindako lana eskertzeko.
