Azken puntu horretatik abiatuta, "arrazoi pertsonalengatik" utziko du zinegotzi kargua Iraia Solak. Dagoeneko aurkeztu du idatzia Erregistroan, baina hori indarrean sartzeko, osoko bilkurari jakinarazi behar zaio. Behin hori eginda, Udalak Madrilgo Hauteskunde Batzorde Zentralari jakinarazpena bidaliko dio, ordezkoa izendatzeko proposamenarekin batera.
21 beharrean, 20 zinegotzi
Kasu horretan, Bilduko zerrendan hurrengoa proposatuko da, baldin eta hurrengo horrek uko ez badio egiten. Zerrendaren arabera, hasiera batean, Miren Josebe Jasone Landaluze da Iraia Solaren kargua hartuko duena. Hori bai, hori gauzatu ahal izateko, Hauteskunde Batzorde Zentralak bidali behar du zinegotzi akreditazioa, eta hurrengo osoko bilkuran hartuko du kargua zinegotzi berriak. Beraz, bien bitartean, 21 barik, 20 zinegotzi izango ditu Arrasateko udalbatzarrak.
AUKEA eta Udala auzoa
Datorren martitzeneko osokoarekin segituz, berriz, puntu horrez gainera, mozio bana aurkeztuko dituzte EAJ eta Bildu eta Aralar udal taldeek.
Bestalde, AUKEAko lan-taldea eta bertako lanpostuen zerrenda aldatzeko proposamena aztergai izango dute zinegotziek.Baita Udala auzoko Plan Bereziaren bigarren aldaketa puntuala behin betiko onartzekoa ere.
Eta beste puntu bat aipatzearren, Arrasateko Udala Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzan sartzeko proposamena landuko dute.
Garraioaren Lurralde Agintaritza
Azken horrekin lotuta, Gipuzkoako bidaiarien garraio zerbitzua hobetzeko erakundea da Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza. Hiru zerbitzu nagusi eskaintzen ditu:
- Elkarrizketarako foroa, administrazio, operadore eta erabiltzaileen arteko koordinazioa eta lankidetza ahalbidetzen duena.
- Euskarriak eta laguntza-tresnak erabiltzaileentzat.
- Azterlan eta txostenak, hiritarren mugikortasun irisgarri eta kalitatezkoa bultzatzera zuzenduak