Harrera ona izan du ospitaleko lurpeko aparkalekuak

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urtarrilaren 31

Azaroan ireki zuten Debagoieneko Ospitaleko lur azpiko aparkalekua; 63 toki ditu, eta doakoa da. Ospitaleko erabiltzaile zein langileek igarri dute haren eragina, ez da eta lehenengo arazorik egoten automobila uzteko.

Urteetan eskatu da ospitale inguruko aparkaleku arazoari irtenbidea ematea. Aurretik zeuden lekuetan egokitzapen batzuk egin eta gainera, lur azpiko aparkaleku bat eraiki zuten, 2012ko azaroan ireki zutena.

Hala, egun 300 toki baino gehiago daude autoendako. Toki gehiena, ospitale parean dagoen Fagorren orubean egokitutako aparkalekuan dago eta 100 bat leku eskaintzen ditu. Horrekin batera, ospitale ondoan 80 bat leku daude, ospitale atzean 85 eta lurpeko parkinean berriz, 63.

Mugimendu asko

Goizero betetzen da lur azpiko aparkalekua, baina era berean, mugimendu handia dauka. Beraz, erraz samarra da, apur bat itxaronez gero, bertan aparkatzeko lekua aurkitzea.

Lekurik dagoen edo ez jakinarazteko seinale automatikoa dago ospitalerako sarreran. Egun gaztelaniaz egon arren, Goienak jakin duenez, seinale hori aldatu egin behar dute laster, abisuak euskaraz ere ager daitezen.

Eta seinaleaz gainera, semaforoa ere badago; aparkaleku berriak errei bakarra dauka sartu-irtena egiteko. Eta gerta liteke aparkalekuan lekua egon arren, ibilgailuren bat irteten egotea, edo behean anbulantziaren bat zamalanak egiten ibiltzea. Hori tokatzen denean, kanpoko seinaleak esaten du aparkalekuan lekua badagoela, baina gero semaforoa gorri agertzen da.

Bada, halakoetan kanpoan itxaroten egotea da gomendagarriena, ezen aparkalekurako sarrera-irteeran dagoen automobila mugitzen denean, itxaroten dagoen horrek autoa sartu ahal izango du lur azpiko aparkalekuan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak