Etorkinendako harrera zerbitzu berria adostu dute Arrasateko Udalak eta Ekin elkarteak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urtarrilaren 31

Arrasateko Ekin elkarteak, Udalarekin elkarlanean, zortzigarren urtez jarriko du martxan etorkinendako harrera zerbitzua. 2012ko irailetik abendura bitartean 38 etorkinek erabili zuten zerbitzua; erabiltzaileek oso egokitzat baloratu dute zerbitzu hori. Hala, Udaleko Ongizate Sailak konpromisoa hartu du 2013ko urtarriletik abendura bitartean harrera zerbitzua ezartzeko Arrasaten, horretara 6.000 euro bideratuz. Zerbitzu hori, noski, Ekin elkarteari esleituko zaio.

Ekineko Tamara Perezek azaldu digu gaur egun zertan egiten duten lan: "Orain bertan, gure baliabideak oso mugatuak direnez, harrera plana egiten dugu. Hau da, pertsona bat zegoen kontratatuta ikastaroak eta bestelakoak antolatzeko, Lanbidetik jasotako diru-laguntza bati esker. Orain ez. Lanbidek ez du laguntza hori ateratzea aurreikusten. Horregatik egin dugu hitzarmena Udalarekin". Sei hileko proiektua izan zen hura eta Perezen arabera, hainbat ekintza egin ziren.

Euskara lantzen emakume musulmanekin

Orain bertan emakume musulmanei euskararen eta euskal kulturaren gaineko klaseak ematen ari dira. Datorren astean, bilera egingo dute Udaleko ordezkariekin beste ikastaroren bat aurrera eraman ahal den erabakitzeko: "Ahal dugun heinean laguntzen dugu, askotan boluntario moduan ere bai".

Harrera planean, lana eta pisua aurkitzen, ikastaroak bilatzen eta osasun txartela egiten laguntzen diete etorkinei, besteak beste: "Oinarrizko informazioa ematen diegu", dio Perezek.

Ekin, erreferente etorkinendako

Esandako moduan, zortzigarren urtea da honakoa eta dagoeneko erreferente bihurtu da Ekin etorkinendako, Arrasaten zein bailara osoan: "Arrasateko etorkinen %80a pasa da gure elkartetik gutxienez. Saretxoa egitea lortu genuen eta orain sarea handitzen doa". Etorkinei dagokienez, gehienak Espainiatik kanpo datozenak dira: iaz gehienak Pakistan, Kolonbia, Sahara eta Nigeriatik etorri ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak