Jarraian, Udal talde gobernuak helarazitako oharra:
"2011ko Korrikako edizioan euskal presoen argazkiak erakutsi izanagatik, terrorismoa goraipatzea leporatzen diete arrasatear bati eta bergarako beste hiru pertsonei. Honen ondorioz, 2013ko otsailaren 4an Audientzia Nazionalera joan beharko dute guztiek deklaratzera.
Euskal Herrian garai berriak bizi ditugu; denon eskubideen errespetuan oinarritutako etorkizunaren alde ari gara lanean, geroz eta sentsibilitate politiko eta sozial ezberdin gehiagok elkar hartuta.
Gure aburuz, presoen argazkiak erakustea haiekin elkartasuna adierazteko modu bat besterik ez da, sentsibilitate baten adierazpena eta ez delitu bat, inoren eskubiderik urratzen ez duenez gero.
Beraz, presoen argazkiak erakusteagatik inori terrorismoa goraipatu izana leporatzeak zentzurik ez duela ondorioztatzen dugu. Era berean, gisa honetako prozesu judizialek akusatutako pertsonei ez ezik, Euskal Herriaren aldaketa politiko eta sozialaren aldeko lanari ere kalte egiten diote, gure iritziz.
Elkartasuna ez da delitua eta guk elkartasuna adierazi nahi diegu, kasu honetan, otsailaren 4an Audientzia Nazionalera deklaratzera joan beharko duen Joseba Garitaonaindia arrasatearrari eta bergarako beste hiru akusatuei.
Honenbestez, adierazpen hau sinatzen dugunok Bergaran otsailaren 2an burutuko den manifestazioan parte hartuko dugu, baita Arrasaten otsailaren 4rako deitu den elkarretaratzean ere.
Amaitzeko, herritar guztiak animatu nahiko genituzke bi mobilizazio hauetara joatera; pertsona hauei beraien keinu berdina, elkartasunarena, eginez, babesa ematera".