Rafael Jimenez: "Politikari ona izateko, ezinbestekoa da ikuspegi estrategikoa izatea"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko urtarrilaren 30a

Rafael Jimenez (Calahorra, 1955) izango da Mondragon Unibertsitateak eta LKSk otsailean abiaraziko duen Gobernua eta Zuzendaritza Exekutiboa Tokiko eta Lurraldeko Erakundeetan unibertsitate-tituluaren koordinatzaile akademikoa. Zuzenbidean doktorea da EHUn eta esperientzia eta izen handia du administrazio publikoaren eta Tokiko gobernuaren arloetan, besteak beste, Demokrazia eta Tokiko Gobernua Fundazioa zuzendu du urteetan. Gaur egun, Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea da Pompeu Fabra unibertsitatean; horrez gainera, Sector Public SL aholkularitza-estudioko bazkide zuzendaria ere bada.

Zer da zehazki, eskaintzen duzuena? Nondik dator ideia?

Agintariek duten kudeaketa konpetentziak indartzeko beharra ikusita abian jarritako unibertsitate titulu berria da. Badira beste ikastaro batzuk, IVAP edo EUDELek ematen dituztenak baina honakoa berriz, unibertsitate mailako titulua da. Ikastaro honekin, parte hartzaileak, lanean dagoen bitartean behar dituen tresnak eskuratzeaz gainera, merkatuan balorea duen titulua eskuratuko luke.

Zeintzuk dira helburuak? 

Helburu nagusia agintarien konpetentziak indartzea litzateke, kudeaketarako tresna egokiak emanda; azken finean, erakundeak indartzeko asmoarekin. 

Politikariak indartuta, erakundeak ere indartzen dira, beraz.

Duda barik. Erakundeak dira-eta hazkundearen motorra. Mondragon Taldea guzti honen atzean egotea ez da kasualitatea. Taldeak apustua egin du lurraldean inbertitu eta sektore pribatuan arrakasta izan duen kudeaketa modeloa sektore publikora ekarriz. 

Nori gomendatuko zenioke?

Publiko zabala du. Bereziki kargu politikoak dituztenei zuzenduta dago (Udala, Aldundia...) hau da, erantzukizun politikoa dutenenentzako; eta baita oposizioan daudenentzako ere. Horrez gainera, administrazioko zuzendariei (Udal, Aldundia, Lurraldeko, Mankomunitate....) eta teknikariei ere bai. Era berean, alderdi politikoetan jarduten dutenendako ere baliagarria izan daiteke.

Ze beharrei erantzun gura diezue? 

Kargudunek, normalean, ilusioa duten arren, esparru publikoa esparru ezezaguna eta konplexua da; horregatik, erakundeetako konpetentziatan formatuko ditugu lehenengo. Esparru hori ulertzen laguntzen diegu, balore publikoek eta etika publikoak duten garrantzia irakatsita. Eta bereziki jokaera ereduak lantzen ditugu; gaur egun hain zapalduta daudenak eta politikarekiko sinesgarritasuna galdu arazten dutenak.

Erakunde-konpetentziak  indartzeaz gainera, konpetentzia pertsonalak ere lantzen ditugu: besteak beste, liderra izaten eta  taldeak zuzentzen, agenda bat kudeatzen, aginduak ematen eta negoaziatzen ere irakasten diegu. Egoki komunikatzen eta bereziki, herritarrei entzuten ere ikasiko dute. Azken finean, arrakastarekin gobernatzen irakatsi gura diegu.   

Zein ezaugarri akademiko ditu?

Eskolek zuzeneko prestakuntza eta on-line prestakuntza uztartuko dituzte. Hamar modulotan banatuta dago eta bakoitzak tresna bat lantzen du. Akziorako formazioa da, hau da, ikasitakoak bakoitzaren esparruan praktikan jartzeko gero. Helburu horrekin egin beharko dute amaiera-proiektua. Horrez gainera, konpetentzia pertsonalak eta harremanetarakoak indartzeko  bi tailer daude eta baita coach-sesio pertsonal batzuk ere. 

Irakasleriari dagokionez, gehienak euskaldunak dira; horrela gura izan du MUk. Politikan eta administrazioan ibilbide luzea duen taldea da.

Zuk ere baduzu euskal administrazioan eskarmentua. Ze iritzi duzu?  

Ez dut inor lausengatu nahi baina,  Estatuko beste toki batzuekin konparatuz, euskal politikak kalitatezko ezaugarriak dituela esango nuke; bereziki, jokaerari dagokionez. Horrek ez du esan gura hobetzerik ez dagoenik, baina zerbaitengatik ez dira gertatzen zuenean Estatuko beste lekuetan gertatzen diren kasuak.  

Zer da zuretako politikari on bat?

Politikan ze esparrutan edo mailatan lan egiten duenaren arabera ezberdina da. Gehienetan lidergotasuna izatea aldarrikatzen den arren, politikari on batek, nire ustez, bereziki, ikuskera estrategikoa izan behar du. Gaurko arazoak konpontzen jakin behar du, biharkoan pentsatuta, orainaldiak etorkizuna hipotekatu ez dezan. 

Era berean, besteak beste, honako bertute pertsonalak ere beharko lituzke izan: ausardia eta oreka emozionala. Politikari on batek erakundea barneratzeko kapazitatea izan behar du. 

Iñaki Azkuna, Bilboko alkatea, nazioartean saritu berri dute.

Bai eta merezi duela uste dut. Ezberdina da Bilbo edo herri txiki batekoa izan. Azkunak ondo betetzen ditu, nire ustez, dagoen postuan bete behar dituen rolak:  ordezkaritzarena, komunikazioarena, konfiantzarena... Kudeaketa rola ez da berea.  

Besteren bat aipatzekotan?

Formazio onekoak, asko daude. Alkateen esparruan kokatuta, Maragall aipatuko nuke: ikuskera zuen eta konpromezua ere bai. Bitxia da, politikari onak ez dira gehienetan alderdiarekin guztiz alineatzen, hau da, tentsioa sortzen du alderdian, eta hori ona dela deritzot. Alkateak hiritar guztiak ordezkatzen ditu eta ez alderdi batekoak bakarrik. 

Politikariek sinesgarritasuna galdu dutenaren sentsazioa dago. Gomendiorik baduzu? 

Politikariak gizartearen ispilua dira. Baloretan hobetu behar dugu guztiok. Esparru publikoa errespetatu eta identifikatu beharra dugu, kultura instituzionala hobeto barneratzeko.

Politikari on bat, egin ala jaio egiten da, zure ustez?

Oinarrian, politikari ona egin egiten dela esango nuke; lanaren poderioz, ekinean ekinez, sortzen dira politikari onak. Askok gaitasunak dituzte eta horrek laguntzen du, baina bereziki, lanaren poderioz, ekinaren ekinez, sortzen dira politikari onak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak