Aitor Fernandez atezain arrasatearra fitxatu du Vila-realek

Xabier Urtzelai 2013ko urtarrilaren 27a

Aitor Fernandez atezain arrasatearrak Vila-real taldeaz fitxatu duela baieztatu digu. Aitor Barakaldon jokatzen dabil, Athleticek utzita. Teruelen harrapatu dugu, izan ere gaur arratsaldean Teruelen aurka dute partidua (16:30). Esan digu bihar joango dela Villa-realera kontratua sinatzera eta han geratuko dela. Bi urte eta erdirako sinatuko du kontratua Levante aldeko taldearekin. "Oso pozik" dagoela esan digu, eta titular postua lortzeko borrokatuko duela. 

Aitor Fernandez arrasatearrak Vila-realen jokatuko du 2015era arte.  Antza, Levante aldeko taldea gertu-gertutik ibili da Arrasatekoaren denboraldia jarraitzen, eta Barakaldon egiten dabilen lan onaren berri izan dute. Hori horrela, Vila-real eta Athleticen artean adostasuna lortu, eta Arrasatekoak 2015era arteko jokatuko du itsaspeko horian. Hori baieztatu digu Fernandezek berak. Vila-realekin 2015era arteko kontratua izango du, eta Athleticek jokalariaren zerbitzuak berrerosteko aukera izango du.

Lehenengo taldearekin

Gaur Teruelen dago arrasatearra Barakaldo taldearekin. Bihar, Vila-realera joango da eta bi urte eta erdirako kontratua sinatuko du. Vila-real bigarren mailan dagoen taldea da. Fernandezek lehenengo taldean jokatuko du eta azaldu digu "titular postua borrokatzera" joango dela.

Harrobiko jokalaria

Aitor Fernandez Athleticeko harrobiko jokalaria da, eta azken urteetan lehenengo taldeaz entrenatu bada ere ez du Lehenengo Mailan debuta egiteko aukerarik izan. Duen adinarekin –22 urte– minutuak behar dituen jokalaria da Fernandez, eta minutu horietaz gozatzen ari da Barakaldon, Bigarren B mailan.

Espainiako selekzioaz jardundakoa ere bada Arrasatekoa, hainbat kategoriatan hautatzaileen begikoa izan da-eta. Hala, 2011n Munduko Kopan izan zen, Kolonbian, baina zorigaiztoko lesio baten erruz nahi baino lehenago itzuli behar izan zen etxera.

Hemen Arrasatekoari egindako azken elkarrizketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak