Musean egin eta patata tortilla jan ostean, umeen txanda orain Meatzerrekako jaietan

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urtarrilaren 26a

Atzo iluntzean hasita –egubakoitza– San Baleixuak ospatzen ari dira Arrasateko Meatzerrekan. Etxaflero jaurtiketarekin abiarazi zuten egitaraua 20:00etan eta musean egin zuten 22:30etik ordu txikietara. Auzotik bertatik, kaletik eta inguruko herrietatik etorritako 17 bikote aritu ziren nor baino nor, eta Eskoriatzara joan zen txapela, azkenean: 'Maki' eta Juantxok eraman zuten. Kartak alde batera utzita, patata tortilla egiteko duten gaitasuna erakusteko eguna izan da gaur, zapatua.

II. Auzoko Baserri arteko Patata Tortilla Lehiaketa jokatu dute. Elkartera eraman dituzte patata tortillak, 12:00etarako, etxean prestatuta. Sei baserrik parte hartu dute eta epaimahaiak erabaki du Txosa baserrikoek egin dutela onena. Lau auzotarrek egin dituzte epaile lanak eta denak onak zeudela zioten arren, diferentziak ere sumatu dituztela kontatu digute. Behin sariak banatuta, guztien artean jan dituzte, lehen postuan geratu denetik hasita.

Gaur arratsaldean umeen txanda izango da: gazte eta umeentzako jolasak izango dira, 16:00etan; eta Gorritiren animaliak eta txokolatada, 17:00etatik aurrera. Ume eta guraso, dezente jende espero dute.

Gauerako auzo afaria (21:00), erromeria Orots taldearekin (23:30) eta txerri harrapaketa (01:00) antolatu dituzte. Bihar, domeka, meza egongo da San Baleixoko ermitan, Gesalibar eta Garagartzako koruekin, 11:00etan; eta dantzak, Txikitxu Arrostaitz dantza taldearekin, eta musika, trikitilarien eskutik, 11:30etik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak