Kamioiaren gidariarekin harremanetan jarrita zera kontatu dio GOIENAri: "kamioia aparkatzera nindoan, baina ondoan neukan autoa kendu eta bertan aparkatu nahi nuenez, kamioia martxan eta eskuko frenoa emanda utzi nuen. Autoa lekuz aldatzera nindoala, ikusi nuen kamioia behera zetorrela, autoa ere jo zuen kamioiak eta etxearen horma bete-betean jota geratu zen". Kamioia aparkatu zuen Makatzena auzora daraman bidean, aldapan, esan bezala, motorra martxan, beherantz etorri zenean.
Zorionez, ez zen bestelako ezbeharrik gertatu eta kamioiak ez zuen beste autorik ezta oinezkorik harrapatu. Kamioiak ez du kalte handirik sortu etxean; fatxan zerbait bai, baina ez barruan. Kamioiak berak kabinako kristala hautsia du eta muturrean ere zenbait kolpe.
Kamioia erretiratzeko bidea itxiko dute
Arrasateko Udaletik adierazi dutenez, "momentu honetan udaltzainak garabi baten eta gondola kamioi baten zain daude kamioia erretiratu eta Gasteiza eramateko". Udaltzainak atestatua egiten dabiltza eta bertan azalduko dute, zehaztasunez, ze kalte izan diren ekipamendu publikoetan eta pribatuetan (etxeetan).
Kamioia erretiratzeko unean trafiko eragozpenak izango dira, bi errepide itxi beharko direlako: Gipuzkoa etorbidetik Obenerrekara daraman bidea eta San Frantzisko errotondatik (Okorotegiko errotonda) gorako bidea.