Urtarril eta otsailarekin badatoz bailarako piano ikasleentzat ikasturteko hitzordu nagusiak: datorren eguaztenekoa Arrasaten, eta otsailaren 23 eta 24an Andoainen egingo den jaialdia. Hain justu ere, Amaia antzokian izango diren 35 piano joleek, guztiek, hartuko dute parte gero Andoainen, pieza berak joz bi saioetan; ezin hobeto etorriko zaie beraz Arrasatekoa Andoaingoa prestatzeko.
Datorren eguazteneko –hilak 30, 18:30ean– saioan Bergarako, Oñatiko, Elgetako, Eskoriatzako, Aretxabaletako eta Arrasateko musika eskoletako ikasleek hartuko dute parte. Ordu eta laurden inguru iraungo duen saioan askotariko piezak interpretatuko dituzte, klasikoak bai eta baita gaur egunekoak ere; ondorengoak dira egitarauak jasotzen dituenetako batzuk: M.Mierren Beach Buggy Boogie, J.Bastienen Tarantella, P.Wedgwooden Charleston, W.Gillocken Danza Indiana, J.S.Bachen Menuet BWV 115 eta Alan Haughtonen Chill Out Zone.
Urduritasuna kontrolatzeko
Arrasateko piano emanaldian parte hartuko duten ikasleek 7 eta 16 urte artean dituzte. Saioa antolatzen duen Arrasate Musikaleko ekintzen arduradun Edorta Aiastuiren arabera neska-mutikoei ondo datorkie horrelako jendaurreko emankizunetan txiki-txikitatik hastea: "Ondo datorkie trantze hauek txikitatik pasatzea, urduritasuna kontrolatzen ikasteko, nagusiago direnean hobeto eraman dezaten". Hala ere, ikasle txikienak ez dituzte estutasun handiegitan jarriko; joandako irailean hasitakoek, adibidez, pasarte labur batzuk baino ez dituzte joko, hain denbora laburrean hartu ahal izan duten abileziaren berri emanaz.
Arrasateko Amaiakoa piano ikasleentzako urteroko hitzordu bilakatu da dagoeneko: Andoaineko jaialdiarekin bateratsu sortua, zortzi urte inguru baditu dagoeneko, Debagoieneko luze-zabalean tresna hau jotzen dutenen topaleku da. Lagun kopuru politak dihardu, gaur egun, pianoa ikasten bailarako musika eskoletan; Arrasateko kasua ezagutzen du ondoen Edorta Aiastuik: "Hiru irakasle ditugu, horrek esan nahi du ikasle nahikotxo dagoela". Pianoa "instrumentu polita" delako izango da: "Polifonikoa da, aukera asko ematen dituena, soinu asko egin ditzakeelako une berean".
Arrasatetik Andoainera
Eta Arrasateko saioaren ondoren etorriko da, beraz, Andoaingoa. Bailaratik joango direnak ere tartean, 800 piano jole inguruk hartuko dute parte jaialdi hartan, adin eta maila guztietakoek: "Ikasleei ondo datorkie hara joatea, eurena espresatzeko eta besteena entzuteko; gutxienekoa da Andoaindik dominak ekartzea, ondo pasatzea da kontua", dio Aiastuik. Bi modalitatetan egiten den jaialdia da Andoaingoa: bakarlari gisa eta bi eskutara.