Nola sortu zen Fat Lizzy?
Istorio hau aspalditik dator, gure lehen taldean, Fase Terminalekin Waiting for an alibi abestia jotzen genuen eta ordutik aurrera, gure ibilbide musikalean, momentu ezberdinetan oso presente egon den taldea izan da Thin Lizzy. Denbora aurrera joan ahala, kantu bat egitetik kontzertu oso bat eskaintzeko kantuak egitera pasatu ginen. Hala ere, gaur egungo formazioa ez zen lehena izan. Hasieran Chicos Boom, gure garaiko taldearekin eman genuen lehenengo kontzertua Arrasateko Gaztetxean antolatu zen 70ko hamarkadako jaialdian, eta urteak joan ahala formazio honekin amaitu dugu.
Talde ezberdinetako kideak biltzen zarete, zaila izango da ezta?
Bai, hala izaten da, orain arte Gabonetan eman ditugu kontzertuak, denok ere denbora tarte handiagoa dugulako Fat Lizzy proiektuari heltzeko. Honen hasieran, Iñigo Bostonen zegoen ikasturtean gitarra ikasten, beraz Gabonetako egunak aprobetxatzen genituen. Eta gaur egun, taldekide bakoitzak ibilbide musikal ezberdinak ditu eta orduantxe izaten da honi heltzeko sasoi aproposena, denok etxean gaudelako eta egun libre batzuk izan ohi ditugulako.
Zergatik Thin Lizzy?
Talde irlandarraren bertsioak bakarrik egin aurretik, Queens of rock bertsio taldearekin gustuko kantak jotzen genituen. Adibidez Judas Priest, U.F.O. edo Iron Maiden taldeen kantuekin osatzen genuen kontzertua, baina egia esan, Thin Lizzy-k xarma berezi bat izan du gutako askorentzat eta bide horretatik jarraitzea erabaki genuen. Gainera, taldean bi gitarrista birtuoso izanda, Thin Lizzy-ren kantuak aukera politak eskaintzen ditu eta nola ez, kanta oso onak dituen talde handi bat da.
Zelan aukeratzen dituzue jo beharreko kantuak?
Egia esan ez dugu burua larregi astindu kantuak aukeratzeko. Taldearen etapa nagusia betetzen saiatzen gara, 1976tik, Jailbreak diskoa atera zutenetik; 1981era Renegade kaleratu zutenean. Egia esan aurretik ere disko onak dituzte, baina bi gitarren arteko joku indartsua Jailbreak diskan hasi zen, beraz nahiko naturala ikusten dugu datu hori.
Ahotsak baina, zeresana du.
Bai, hori da kantuak egiteko baldintza bakarretarikoa, eroso sentitu behar naiz hauek abesten. Tonu aldetik lan handia dutelako, baina horrez gain letra oso luzeak idazteko ohitura zuen Phil Lynott-ek, eta hauek ondo ikasteak orduak eskatzen ditu. Hala ere zaila izaten da hainbeste kantu onen artean aukeraketa egitea.
Alde batetik klasikoak jotzen dituzue, baina eskertzekoa da kantu ilun batzuk jotzea.
Bai, argi dago kantu ezagun asko jo egin behar dituzula, baina ezkutuko altxor batzuk jotzea ere pozgarria da, adibidez Black Rose diskoan dauden Get out of here edo Thoughest street in town.
Gabon inguruko kontzertuak egiteko zenbat entsegu egiten dituzue?
Aurten bi bakarrik egin ditugu, baina egia da urte batzuk daramatzagula kantu hauek jotzen. Hala ere, detailez jositako kantuak dira eta norberak bere kontu lokalera lanak eginda eraman ohi ditu.
Eta orain zein asmo duzue Fat Lizzy-rekin?
Lagunarteko proiektu bezala sortu zena, omenaldi talde serioago batean bilakatzea pentsatu dugu. Lan handia da urtean bat edo bi kontzertu jotzeko, gainera Bacon Maiden bertsio taldean ia formazio berdina gaude, beraz, aukeratzeko momentua heldu zaigula uste dugu.
Orduan Thin Lizzy-ren aldeko apustua egingo duzue?
Bai, seguruenik aurrerantzean urtean zehar ere kontzertuak ematen saiatuko gara, nahiz eta agenda kontuekin zaila izango dela argi dugun. Azken finean gutako bi Bitter Honey taldean gabiltza, beste bat gitarra ikasten Iruñan eta bestea S.A. taldearekin kontzertuak ematen. Hala ere, esperantza txiki bat dugu eta gauzak hobeto eta serioago egiteko gogo handia daukagu. Aurrerantzean kantuak lantzeaz aparte, karakterizazioari, eszenaratzeari edota jantziei garrantzia gehiago emango diegu. Gauzak ondo joanez gero, omenaldi talde serioa egiten saiatuko gara.
Beraz Thin Lizzy edo Iron Maiden?
Biekin geldituko ginateke, musikalki esperientzia ezberdinak baina aberasgarriak direlako biak eta bata eta bestea maite ditugu berdin. Hala ere oraingo honetan Thin Lizzy irlandarrengatik apostu egingo dugu.