Beñat Barrutia (Porrotxin): "Porrotxi eurekin pailazo moduan lan egin ahal nuen galdetuta, segituan eman zidan baiezkoa"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko urtarrilaren 22a

Beñat Barrutia (1992) arrasatearrak Pirritx eta Porrotx pailazo ezagunekin jarduten du lanean. Porrotxin da bera, Porrotxen anaia zaharrena. Zaletasun asko dituen saltseroak bere ametsa betetzea lortu du: pailazoa izatea.  

Zu zara Porrotxin. Zelakoa?

Bai, Porrotxen anaia zaharrena naiz. Porrotxen antz handia dudan arren, ez naiz hain bihurria. 

Txikilandian ikusi zintugun taularen gainean azkenekoz. Zer moduz?

Bikain! Antzeztu eta abestu egin genuen. Ezagun asko hurbildu zitzaizkidan, eta baita familiakoak ere. "Onena zara!", oihukatzen zidaten.

Baina Porrotxin izena eta eurekin elkarlana lehenagotik dator.

Bai; iazko Eskoriatzako ikuskizunean bataiatu ninduten, Zazpikoloro ikuskizunean. Taularen gainera lehenengo aldiz, baina, Irrien Lagunak ikuskizunarekin igo nintzen, oraindik Porrotxin jaio barik zegoen. Eskoriatzako Ongi etorri, Pupu eta Lore ikuskizunean hasi nintzen berbetan: "Asko maite zaitugu!", esan nuen; bereziki gogoan dudan saioa da horregatik.

Txikitatik izan zara Pirritx eta Porrotxen jarraitzaile eta aukera guztiak aprobetxatu dituzu beti eurengana hurbiltzeko.

Bai, eta, azkenean, nire ametsa bete dut eta ezagutu egin ditut guztiak; Pirritx, Porrotx eta Takolo ezagutu nituen lehenengo.

Irakasle batek hurbildu zintuen pailazoengana.

Bai, pailazo izatea nahi izan dut betidanik, eta Irune Iribecamposek, nire irakasleak, ezagutzen zituenez, eraman ninduen haiengana. 

Zer esan zenien estreinakoz eurekin izan zinenean?

Eurekin lan egin ahal nuen galdetu nion zuzenean Porrotxi. Eta hark baietz. "Diruarekin edo gabe?",  galdetu zidan, eta nik, aukeran, soldatarekin nahiago nuela erantzun nion.

Zelan egoten zara emanaldiaren aurretik? Ze sekretu duzu taula gainera igo aurretik?

Normal. Lehenengo aldian urduri nengoen, baina gainontzekoetan lasai egon naiz. Ez dut prestakuntza berezirik egiten saioaren aurretik, mania berezirik ere ez dut.

Jantzi, margotu eta lasai-lasai gora, beraz. Nork margotzen zaitu?

Porrotxek. Ni oso gaizki moldatzen naiz; nahiago dut beste batek egitea.

Kalean zer esaten dizute? Autograforik sinatzen al duzu?

Kalean askok ezagutu egiten naute eta... "Hombre, Porrotxin!", esaten didate. Haurrek eta helduek eskatu izan didate sinatzeko; Arrasaten, Aretxabaletan eta Bergaran, besteak beste.

Zer idazten diezu?

Maitasunez... Zu zara politena eta horrelakoak idazten dizkiet eta Porrotxin moduan sinatzen dut gero. 

Urnietara ere joaten zara diskoak grabatzera.

Bai, birritan. Lehenengo aldian, Zazpikoloro diskoan, ipuin bati ahotsa jarri nion beste mutiko batekin batera. Bigarren aldiz, aurten kaleratu duten 25. urteurrenekoan. Ipuinetan agertzen naiz han ere. 

Pailazoekin zabiltzanean, sekretutxo asko kontatuko dizkizute; ondo gordetzen al dituzu horiek?

Bai, oso ondo. Etxean ez dut kontatzen eta Ane Lizaur eta Ruth Merino nire lagun minek galdetzen didatenean ere ez. Ez ditut sekula ikuskizun edo horrelakoetara eraman, baina egunen baten eramango ditut.

Orain urte batzuk Porrotxen moduko arropak oparitu zizkizuten.

Monterrongo Zazpikoloro ikuskizunean eman zizkidan Alaine Roa nire lehengusinak. Porrotxek, berriz, peluka eta guanteak oparitu zizkidan. Taula gainean ikusi nindutenean, "Porrotx!" oihukatzen hasi zen jendea; nik Porrotxin nintzela erantzun nien.

Zelakoak dira arropa horiek?

Koloretsuak, pirata marrazkidun kamiseta gorria, marradun frakak eta pololoak. Zapatak ere baditut. Etxean ondo gordeta ditut.

Laster Inauteriak; jantziko dituzu?  

Bai; lehenengo, Bergarako ikuskizunean, baina gero, kalean ere bai. Oso gustuko dut Porrotxez mozorrotzea. Pirritxena ere badut, gainera! Hori ere nire lehengusinak oparitu zidan.

Askok aukeratzen dute Porrotxen mozorroa. Axola dizu?

Ez. Zenbat eta porrotx gehiago, hobeto. 

Sarritan joaten zara eurengana?

Bai, entseguetara joan behar izaten dut batzuetan; Josemarirekin elkartzen naiz.

Benito Lertxundiren laguna ere bazara.

Bai; Orioko kanpinean izan ohi gara, eta handik ezagutzen dut. Autografoa eskatu nion behin, eta orain lagunak gara. Orioko arraun taldeko kide ere banaiz. Lertxundik Amaia antzokian kontzertua egin zuen baten, agertokitik izen eta abizenez agurtu ninduen. 

Zuk ere hainbat aldiz zapaldu duzu agertoki hori.

Bai, hala da; besteak beste, zarzuelatan izan naiz. Arrasate Musikaleko bandan perkusioa, danborra, jotzen dut. Oso gustuko dut txikitatik musika; saxofoia jotzen ikasten nabil orain. Xilofoia ere jotzen dut, baita pianotxoa ere. Santa Agedako koruan ere abesten dut. 

Igeriketa egokituan zabiltza.

Bai. Txapelketetara ere joaten naiz. Hiru domina ditut dagoeneko. Hurrengoa ekainean izango dugu; gogorra izango da, bat oso ona delako, baina gogoz entrenatuko naiz irabazten saiatzeko. 

Arratsaldeetako "lan" batzuk horiek;  baina goizetan, Aretxabaletako zaharren egoitzan izaten zara.

Bai; oso gustura nabil han ere. 09:00etatik 13:00etara izaten naiz. Arrasaten eta Donostian ikasketak egin ondoren, maiatzera bitartean, praktiketan ari naiz orain. Denetik egiten dut: ura banatu, arropak garbitokira eraman, aitaita-amamak gosaltzera eraman; fardelak ipini, behar dutenetan lagundu, arropa garbitegiko lan gehiago…

Gustura zaude lanean?

Bai; asko gustatzen zait. Lan gogorra da, baina bikain moldatzen naiz eurekin. Ikasketak bukatu eta gero gustuko lana nuke hori ere.

Bi ogibide izango dituzu, orduan.

Ba bai, hemendik urte batzuetara ere pailazo izaten jarraitu nahi nuke-eta. Lan gogorra da hori ere, ez zaude beti umoretsu edo barre eragiteko gogoarekin, baina polita da haurrei eta baita helduei ere poztasuna, irribarreak, hitz baten, koloretako mundua ematea.

Ez da hor amaitzen, baina, zure eguneroko lan-jarduna.

Ez, egia da bai. Arratsaldeetan, Arizmendiko Behar Berezien ZIG gelara joaten naiz, 14:30etik 16:20ra. Han ere denetik egiten dut: ogia, adibidez. Otsailean karapaixoa egiten dugu; matematikak, hizkuntzak… horrelakoak ere ikasten ditugu. 

Horrenbesteko lanarekin, geratzen al zaizu astirik lasai egoteko?

Luzerik ez, baina... Telebista ikustea gustuko dut. Disney Channel katea eta Pokemon marrazki bizidunak ditut gustukoen.

Askoren ametsa bete duzu eta zurea ere bai. Zerekin edo zeinekin bete gura duzu hurrengoa? 

Badakit oso zaila dela, ezinezkoa ere esan daiteke, baina Pokemon pertsonaia ezagutzea asko-asko gustutako litzaidake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak