Lehen zatian, MU-koak erasoan oso fin eta azkar ibili ziren, Aranberrik antolatutako defentsa gaindituz. Kantxa osoan presioa egiten saiatu ziren arabarrak, baina Arrasatekoek presio hori gainditzen zuten momentuan min egiten zieten erasoan; horretaz jabetuta, lehen laurdena 24-21koa izan zen. Bigarren laurdenean bi taldeek argi utzi zuten ez zutela partiduaren erritmoa jaitsiko. Saskiratzen asko ikusi ziren Iturripen eta etxekoek 11-0eko partziala lortu zuten, Barberoren errebote eta Aranzabalen puntu azkarrei esker. Defentsan lorturiko erreboteek korrika egitea ahalbidetzen zuten; horrela jokatuta eroso sentitu zen MU. Hala, partidua bideratuta utzi zuen etxeko taldeak, atsedenaldira 49-37ko emaitzarekin erretiratu ziren-eta.
Egindako lana, hankaz gora
Hirugarren laurdenean gauzak dezente aldatu ziren. Aranberrikoak defentsan oso agresibo kantxaratu ziren eta horrek etxekoen saskiratze-kopurua asko murriztu zuen. MUk ezin izan zuen bere jokoa egin eta horren ondorioz erasoan huts asko egin zituzten. Partiduaren azken 10 minutuak hasi orduko, etxekoen abantaila 3 puntutakoa zen eta sentsazioak ez ziren oso positiboak: azken laurdenak gorabehera handiak eta puntu gutxi izan zituen (etxekoek 12 puntu egin zituzten). Jokoa moteldu egin zen, tartean epaileen erabaki eztabaidagarri batzuen ondoren, eta Larrategiren mutilak partidutik irten ziren. Atzean erraztasunak eman ondoren erasoan kontrol falta zen nagusi. Hala ere partiduko azken minutura markagailuan aurretik heldu ziren, eta partidua erabat definitzeko jaurtiketa libre larregi huts egin ondoren, azken baloi jabetzak partidua erabaki zuen. Aranberrikoak kementsu irten ziren azken 20 segundoei aurre egitera, partidu osoa atzetik ibili ondoren garaipena lortzea posible zelako eta saskibaloian sarri gertatzen den bezala, azken hirukoak partidu itxi zuen. Aranberriko Peñak defentsa gainean izan arren ahal zuen bezala bota zuen, eta baita saskiratu ere. Amaiera gogorra partidu ero batentzat (74-75).