Lehenengo buelta lider bukatu du Ford Mugarrik Askartzarekin puntuetara berdinduta (23). Hala, irabaztea zuten helburu etxekoek, eta errebantxa hartzea, bizkaitarren etxean galdu egin zutelako denboraldi hasieran.
Partidu garrantzitsua zela jakinik, dena emateko gogotsu atera ziren jokalari arrasatearrak zapatuan, Iturripeko kantxara. Baita eman ere. Hasieratik jarri ziren markagailuan aurretik (4-1): "Guretako oso partidu garrantzitsua izan da, eta hasieratik oso indartsu atera gara bagenekielako partidu zailetan hala egin behar dela. Abantailatxoa hartu dugu, eta horrek eman digun konfiantzarekin irabazi", zioen Kepa Isasmendi jokalariak. Lehenengo zatiaren erdian berdintzea lortu zuten Askartzakoek (6-6), eta horrek, garbi erakutsi zuen golak egiten asmatzen zuenak eta defentsa lanetan ondo jardun irabaziko zuela. Urduritasunean erori barik aurrera egiten asmatu zuten Ford Mugarrikoek; hori horrela, atsedenaldira lau goleko aldearekin joan ziren (17-13).
Taldea eroso
Askartzakoak ez ziren eroso sentitu kantxan, eta hainbat hutsegite izan zituzten. Bigarren zatiaren hasieran gora egiteko gogoa erakutsi zuten kanpokoek, baina etxekoek ez zieten utzi eta ordura arte izandako alderik handiena lortu zuten (21-14). Hala, atzetik zirela ikusita defentsa mistoa erabili zuten, hau da, Ford Mugarrik zuenean baloia bi jokalariri ez utzi jokatzen. Golak egiteko zailtasun gehiago izan arren etxekoek, ez zuten markagailuan hurbiltzerik lortu bizkaitarrek eta sei punturen aldearekin bukatu zen partidua (32-26).
Talde arrasatearraren gidari izan zen Isasmendi pozik zegoen bukaeran: "Taldea eroso ibili da, batez ere aurretik izan garelako uneoro. Gainera, guztiok jokatu dugu eta hori ere garrantzitsua da taldea "egiten" joateko", zioen. Eta argi du helburua: "Iaz ihes egin zigun igoera gura dugu. Zaila izango da; nik uste sailkatu egingo garela baina igoera fasea beste kontu bat da.