Musika ozen, Itxungi irratia ixiotuta mantentzeko

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urtarrilaren 20a

Itxungi Rock 2013 jaialdiaren edizio berria egin da asteburuan. Punk, hardcore zein rockabilly doinuek Arrasateko Gaztetxea hartu dute bi egunez. Dena, Itxungi Irrati librea autogestioatzen laguntzeko.

Itxungi Rock 2013k eman du berea. Bi egun eta zortzi talde: Psicoterror, Bar Remigio eta Metralleta egubakoitzean eta WC, Los Cretinos, Papalagi, Transistores 50 eta Dissater People zapatuan. Arrasateko Gaztetxean asteburuan entzun diren hardcore, punk zein rockabilly doinuek helburu bera izan dute: Itxungi irrati librearen alde dirua biltzea.

Kontzertuak lasai segitzeko modukoak izan dira, jendetzarik gabe, emanaldi bakoitza gustura asko jarraitzekoak. "Bertaratutakoek giro ederra sortu dute bi egunetan, eta taldeen artean ere, izugarrizko bizikidetza egon da". Hala esan digu Mikel Arregi Itxungi irrati libreko kideak.

Bost lagun aritu dira jaialdia prestatzen, eta bi egunetan lanpetuta pasa ondoren, egindakoarekin pozik daudela esan digu Arregik. Dena prest eduki arren, egubakoitzean zapatuko karteldegia aldatu behar izan zuten. "Hasiera batetan Fat Lizzyk jo behar zuen, baina taldekide batek goloak zituela eta, bertan behera geratu zen emanaldia". Beraien ordez, WC talde gaztea igo zen oholtzara. "Beraien lehenengo kontzertuetariko bat izan da. Pozik zeuden horrelako eszenatokira igotzeko aukera izateagatik".

Musikan hasi berriak batzuk eta beteranoak besteak. Los Cretinos talde arrasatearrek azken uztak emandako Addictos Sonitus laneko zein aurreko diskoetako kantuak tartekatu zituzten. Eta Donostiatik bertaratutako Transistores 50 hirukoteak doinu dantzagarri rock&rolleroez dantzan ipini zuten gaztetxea.

Itxungi irratiari bultzada emateko jaialdiak, DJ Elviscainorekin itxi zituen ateak ordu txikitan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak