Urtebete igaro da Arrasate Zientzia Elkarteak berriro ere martxan ipini zenetik. Izan ere, 90ko hamarkadan sortu zen elkartea, eta lozorroan ia hamarkada bat eman ostean, 2012ko urtarrilean indarberrituta agertu zen herritarren aurrean. Hala, aurreneko batzar orokorra egin dute zenbait bazkiderekin Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan.
Hasiera oparoa
Urtebete honetan ekintza ugari eraman ditu aurrera elkarteak. Arrasateko iragana astintzen hitzaldia zikloek izandako erantzun bikaina azpimarratu dute; baita bisita gidatuek eduki duten arrakasta ere. Gainera, San Frantzisko elizako bi figura berreskuratu dituztela gogoratu dute (orain koarentenan daudenak), eta egin diren zenbait ikerketek eduki duten harrera ona. Esaterako, parrokia egin zuen arkitektoak udako solstizioa atarian agertzeko egindako lana ikertu zuen Anton del Campok, arkitektura eta astronomia uztartuz. "Gure blogeko gai irakurriena da momentura arte, gainera".
Bloga euren ageriko aurpegia dela esan dute, eta hor elkarteak egindakoak jasotzen direla gogoratu. Horrez gainera, sare sozialen garrantzia azpimarratu dute, eta hedabide ezberdinek egiten dieten jarraipen eta zabalkundea eskertu dute.
Etorkizuneko erronkak
Aurrera begira gauza ugari dituzte buruan Arrasate Zientzia Elkartekoek batzarrean esan dutenez. Iaz Udalari lokal bat eskatu ziotela adierazi dute, eta asteon jaso dute erantzuna. "Eskaini diguten tokia ez dugu oraindik ikusi, eta horren arabera joan ala ez erabaki beharko dugu. Hemendik eskertu gura diogu Udalari bere eskaintza".
Ekintzei dagokienez, hitzaldi zikloekin jarraitu gura lukete, eduki duen arrakasta ikusita. Gainera, ekainaren bueltan erakusketa bat antolatzeko xedea azaldu dute. Bisita gidatuekin segitzeko asmoa adierazi dute, eta irteerak egiten jarraitzea, besteen artean, Muru eta Leizetxiki aldera.
Bestalde, gogoratu dute, Arrasateri buruzko dokumentazio historiko gehiena ez dagoela herrian. "Sevilla edo Valladoliden topatu daiteke, eta zerbait egin gura dugu horiek eskurago izateko. Edozein ikerketa egiterakoan ez da erosoa horren urrutira joan behar izatea".
Artxiboei dagokienez, Arrasatekoak hobetzeko beharra duela esan dute elkarteko zenbait bazkidek. "Bergararen kasuan, esaterako, artxibo historikoak digitalizatuta daude, eta jende askok kontsultatzen ditu. Arrasaten ez dago horrelakorik, eta neketsua izaten da bertara joan eta informazioa topatzea eta moteldu egiten da dena. Hala, zerbait egin beharko litzateke". Baina horrez gainera,"artxiboko langilearen funtzioa eta beti agertzen duen prestutasuna eskertu gura dugu".
Artxiboez gainera, edozein herritar informazio iturri izan daitekeela gogoratu dute. "Argazki zaharrak dituztelako, edota aspaldiko istorio edo datuak dakizkitelako, esaterako"
Bazkideak, auzolanerako prest
Azkenik, bozkaketa egin dute batzar orokorrera bertaratutakoek. Besteen artean, kuotaren gaia landu dute, eta orain arte ekarpenik egin ez bada ere, aurrerantzean 20 eurokoa egitea adostu dute. Bestalde, bazkideek ahal duten neurrian eta proiektuek hala eskatuz gero, auzo lanerako prest daudela adierazi dute.