Nola hasi zinen kirol arloko ikastaroak ematen?
Duela 20 urte aerobik ikastaroekin hasi nintzen eta geroxeago spinning-a heldu zen. Bi ekintza horiek arrakasta handia zuten eta hasieran horiekin egin nuen lan, Bergaran. Beranduago ekintza berriak iritsi ziren: body balance, body pump... Beti saiatzen gara azken tendentziak erabiltzaileen artean zabaltzen.
Zeintzuk dira egun arrakasta gehien duten ekintzak?
Pilatesak eta spinning-ak erakartzen dute jende gehien. 50 bat ikasle ditu lehenak eta 80 bat bigarrenak. Spinning-ak erresistentzia aerobikoa lantzea eta gantza erretzea ditu helburu. Pilates ikastaroetan egoten diren ikasle gehienak, aldiz, bizkarreko edo bestelako arazoekin datoz. Pilates egiterakoan giharrak lantzen ditugu, gure gorputzaren pisua baliatuz. Gimnasia terapeutikoak eta uretako gimnasiak –aquagym– ere jende nahikotxo erakartzen du. Baina duela gutxi enteratu nintzen gimnasia abdominal hipopresiboa oso interesgarria izan zitekeela umea izan duten emakumeendako– zoru pelbikoa landu dezaten– zein prostata arazoak dituzten gizonezkoendako. Hala, hastapen eta hobekuntza ikastaroak jarri genituen martxan eta oraingoz, balorazio positiboa egiten dugu.
Ez dakigunondako, zertan datza gimnasia abdominal hipopresiboak?
Tono abdominala eta zoru pelbikoa landu eta bizkarreko gainkargak askatzeko oso ariketa onak dira. Emakumeendako zoragarria da –batez ere kirola egiten duten amendako–, eta gizonezkoei ere mesede egiten die. Arnasketa berezien bidez lantzen da; sekula egin ez duenak ez dezala beldurrik izan, berehala hartuko dio-eta. Horretarako daude hastapen saioak. Jende berria datorrenean saio pertsonal batzuk egiten ditugu eta gero taldean sartzen doaz.
Fitness gelaren aldeko apustua egin da. Zeintzuk dira berrikuntzak?
Aukeak fitness gela dohainik erabiltzeko aukera ematen die abonatuei. Gela horretan denetarik lantzen da eta norberak bere beharren araberako makinak aukeratzen ditu. Orain ez dago begiralerik, baina saio berezi batzuk eskaintzen ditugu makinen funtzionamendua modu zehatzean azaltzeko.
Zergatik gomendatuko zenuke kirola egitea?
Kirola egitea garrantzitsua da osasunerako, baina baita norbera psikologikoki ere ondo egon dadin. Kirola egiteko ohitura hartzea zaila da, baina gero engantxatu egiten du. Eskaintza falta, behintzat, ez da aitzakia izango.
Hipopresiboa: urte osorako zein bi hilabetetarako
Gimnasia abdominal hipopresiboa ikasturte guztikoa edo bi hilabetekoa izan daiteke. Bi hilabeteko ikastaroan hipopresiboak nola egiten diren irakasten da eta gero norberak bere etxean egin behar ditu. Diziplina hori ez duten pertsonendako ikasturte osorako ikastaroa ere badago. Astelehen eta eguaztenetan batzen dira; hiru ordutegi ditu: 9:15ean, 17:30ean eta 20:30ean. Saio bakoitza ordu betekoa da eta abonatuek 37,60 euro ordaindu beharko dute hilean. Ez abonatuek, berriz, 47,60 euro.
Hipopresiboaz aparte, beste hiru ikastaro jarriko ditu martxan Aukeak otsailean: patinaje ikastaroa –hastapena–, fitness gela ondo ezagutzeko hastapen ikastaroa eta gimnasia terapeutikoa. Horien gaineko informazio gehiagorako jo kiroldegira (943 77 16 77).