Hain justu, hamar horiek dira Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsako "kide" zaharrenak, duela 27 urte egindakoak. "60-65 kilo pisatzen dute, eta kalkulatzen dugu 40-45 bat kilotan geratuko direla. Duela 27 urte kapa sendoagoa jartzen zitzaien, eta orain kapa fintxo batekin indar bera egiten da eta pisua asko jaisten da. Hori egiten dabiltza", azaldu du Joserra Perezek, konpartsako kideak.
Guztiak ere Inauterietarako konponduta izatea espero dute, orduantxe dute-eta hurrengo hitzordua. Edozelan ere, kanpokoen begiradarako, ez da igarriko aldaketarik: "Lana ondo egin duten seinale litzateke".
Konpartsarako kide berriak
Erraldoi eta kilikiei pisua kentzea ez da, baina, estetika kontu hutsa. Konpartsarako kide berriak lortzeko erakargarriago bilakatu gura dituzte: "Jendea atzera botatzen da entzuten duenean 60 kilo dituztela; espero dugu orain 45 kilorekin jende gehiago animatzea. Eta bestela, berez konpartsan bagaudenondako ere ez da gauza bera 60 edo 45 kilo bizkargainean erabiltzea. Kilikiei dagokienez, berriz, ez dute horrenbeste pisatzen, baina barruan ordubetean-edo egon beharra dago, eta eskertuko da pisu gutxiago izatea".
Izan ere, horixe da Erraldoi eta Kilikien Konpartsak aspaldiko urteotan duen arazorik nagusia: jende falta. "Estu, oso estu gabiltza. Urteotan kilikiak noizbait irten dira (ez guztiak), baina ezin ditugu atera ez gaudelako jenderik. 11-12 lagun gabiltza, beti guztiok ezin izaten dugu, eta erraldoiak kostata irteten dira. Espero dugu egiten dabiltzanarekin eta apur bat mugituta, jendea animatuko dela, eta ea lortzen dugun egunen batean dena ateratzea. Lehen ibilitako batzuek pisuarengatik utzi zuten konpartsa, eta espero dugu horiek bueltatzea", dio Perezek.
"Gogoa besterik ez da behar"
Erraldoi eta Kilikien Konpartsan 12 erraldoi (txiki, ertain eta handiak), sei kiliki eta bi zaldiko dituzte. Jende dezente behar da dena ateratzeko, baina erraldoi txiki eta ertainendako badute harrobia. Gainontzekoendako, "gogoa besterik ez da behar. Ez da ez altura eta ezta pisu jakinik behar, eta ez da gimnasiora joan beharrik ere", azpimarratu du Perezek jendea animatzeko.