Besaide Mendizale Elkartearen urteko batzar orokorra egin dute Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan. Aurreko akta onartuz hasi dute bilera eta jarraian iazko ekintzen balantzea egin dute.
Nabarmentzeko moduan, Mendi irteeren baitan, Aiba mendi ibilaldiak atentzioa eman diela adierazi dute; 170 pertsona apuntatu ziren, aurreko edizioetan baino gutxiago. "Ez dakigu izango den izenematea internetez egin behar zelako", esan dute.
Mendi hamabostaldiari dagokionez ere, azken urteetan egindako gogoeta izan dute hizpide. Azken bi edizioetan bi ekintzatan zentratu izanak gauzak txukunago egiteko balio izan dietela esan du Aitor Zubiaga zuzendaritzako kideak. "2012an gainera, inguruko edo gertuko gaiak landu dira, eta pozik gaude emaitzarekin".
Iaz gainera, Mendi Tour festibala nobedadea izan zela gogoratu dute. "Besaide izan zen antolaketaren arduraduna eta Udalak filmeen aurrekontuak hartu zituen bere gain. Froga izan da eta harrera ona izan du, izan ere, 250 lagunek ikusi zituzten filmak Amaian. Gainera, horrelako pelikulak ikusteko areto bikaina daukagu herrian".
Leixargarateko txabolaren inguruan ere, inbertsioetarako egindako esfortzuak merezi izan duela esan dute zuzendaritzako kideek. "Negurako goxotu eta txukundu da, eta 63 erabiltzailetik 147ra igaro da neguan".
2013ko erronkak
Oraindik zenbait kontu zehazteke duten arren, dagoeneko hasi dira 2013rako zenbait ekintza antolatzen Besaiden. Aurreneko hitzordua, asteburu honetan (urtarrilak 19-20) Formigalera egin behar zen eski irteera izango litzateke. "Bertan behera geratu da, baina".
Bestalde, aurten mendi bizikleten gainean, MondranBike soilik ez, bestelako ekintzak ere egingo dituztela adierazi dute: "Osasuntsu dago taldea eta".
Zuzendaritza berritzea
Lau urtez zuzendaritzako kide berdinek lan egin ostean, zati bat behintzat berritu behar dela esan dute. "Jende berria ona litzateke Besaiderentzat. Badakigu lantalde guztiak ongi finkatuta daudela, baina batzorderako ideia berriak entzutea aberasgarria izango da denontzako".
Hedabideetan gaia zabaldu arren, "erantzun txikia" eduki duela onartu dute. Horregatik, datozen bi hilabeteotan landuko dute gaia, "zuzendaritza osoa ez bada ere, erdia-edo berritu ahal izateko modua topatzeko".