Garaiko produktuak eta orturako tresneria, besteak beste, zapatuan Seberren

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko urtarrilaren 17a

Iazko baserritarren azoken balorazio positiboaren ostean, zapatuan izango da urteko lehenengoa; Seber Altuben, 9.00tik 14.00ra. 20 postu izango dira; horien artean 9 debagoienekoak. Garaiko produktuez gainera, orturako tresneria eta zuhaitzak ere izango dira oraingoan.

Urtarrila eta Otsaila zuhaitzak eta baso landarak landatzeko garai aproposa dela-eta, antolatzaileek ahalegin berezia egin dute, oraingoan, zuhaitz mintegiak erakartzeko. Gehiago ekarri guran baina, garai honetan ekoizle horien agenda estua izanik, bi izango dira Arrasaten: Zaldibartik bat eta Igorretik, bestea.

Askotariko tresneria salgai zapatuan

Zapatuko beste berrikuntza bat, ortuko lanetarako tresneria edo makinak izango direla ere bada. Marga Garmendia, Enplegu eta garapen Saileko teknikariaren esanetan, aspaldi egin zioten gonbitea Arrasateko Juan Mari Zuazubiskarri, beraz, zapatuan treneria ezagutu, erosi eta behar den informazioa eskuratzeko bidea izango da Seberren. Tresneriarekin lotutako eskaintzarekin jarraituz, Felix Barcinaren sukalderako goilarak eta horrelakoak ere izango dira; eta baita orain urte pare bat gurean izan zen Azurmendi otargileak egindakoak ere.

Pintxoak dastatzeko aukera ere bai

Jakiei dagokionez, ohiko produktuak (gazta, ogia, sagar zukua eta garaiko barazkiak) ekarriko dituzte debagoieneko zein beste eskualde batzuetako baserritarrek; Izarrako Goiuri etxearen eskutik, berriz, gozazleentzako gutiziak ere izango dira. Horrez gainera, Harreman GKEk bidezko merkataritza produktuak eskainiko ditu. Sabel kontuak borobiltzeko gaineratu, Jesus Romeoren pintxoak dastatzeko aukera ere izango dela. Aipatutakoez gainera, ohiko otarren zozketa ere egingo dute zapatuan.

Ekoizle berriei zabalik

Azokaren bultzatzaileak gustura dira azokaren martxarekin, besteak beste, gero eta gehiago direlako azokaren bi aldetan daudenak. Hala ere, urte hasieratan ohitura duten moduan, aurten ere herriko baserri eta auzo-alkatetza bulegoetara gutunak bidali dituzte ekoizle berriendako, puntualki edo jarraikotasunez, ateak zabalik daudela adieraziz. Interesatuek jo dezatela, Udaleko Enplegu eta Garapen Sailera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak