Plan Orokorra idazteko irizpideak zehaztu ditu Arrasateko Udalak, aho batez

Jokin Bereziartua Lizarazu 2013ko urtarrilaren 16a

Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berriak urrats garrantzitsua eman du asteon. Izan ere, agiri berria idazteko irizpideak onartu ziren martitzeneko osokoan, aho batez. Agiri garrantzitsua da arrasatearrendako: erabilera nagusiak nola banatuko diren, hiriaren egitura orokorra zelakoa izango den, etxebizitza berriek non eta nolakoak izan behar duten, basoak, industria guneak… Finean, etorkizuneko Arrasate zein norabidetan eraikiko den zehazten du. 

Egun Arrasaten indarrean dagoen Plan Orokorrak zortzi urte bete zituen 2011ean eta, Udalak, zegokion azterketa egin ostean erabaki zuen abiatzea berrikuspen prozesua. 

Orain arte eman diren pausoen kronologia

  • 2011ko azaroaren 8an: HAPOren aurrerapena jasotzen duen dokumentua  onartu zen osoko bilkuran. 
  • 2011ko azaroaren 8tik 2012ko otsailaren 15era arte: Aurrerapen dokumentua jendaurrean egon zen eta herritarren ekarpenak jaso ziren.
  • Otsailaren 29tik maiatzaren 9ra arte: Aholku Kontseiluak ekarpen horiek aztertu eta HAPO beraren inguruko eztabaida prozesua burutu zuen.  

Arrasateko aholku kontseiluak 32 kide ditu eta bertan daude ordezkatuta udalerriko hainbat alor, talde eta kolektibo desberdin. Kontuan hartzekoa da hainbat herritarrek bertan erakutsi duten konpromisoa eztabaidetan era jarraian parte hartuz.

Elhuyar aholkularitzak dinamizatu zuen eztabaida osoa, zazpi saioren bidez eta kontseiluko kideen parte hartzea sustatuz: talde txikitan landu zituzten gaiak, gero denen artean iritziak konpartituz. Orokorrean, kontseiluko kideek  balorazio positiboa egin zuten prozesuaz; batez ere bertan izandako giroa eta parte hartzea nabarmendu zituzten.

  • Maiatzaren 9an: Aholku kontseiluak eztabaida prozesuan jasotako iritziak biltzen zituen txostena onartu zuen.
  • Ekaina eta iraila bitartean: Udaleko hirigintza batzordeak barne eztabaida egin du HAPO idazteko helburu eta irizpideak finkatzeko; horretarako kontuan hartu du Aholku Kontseiluko kideek onartutako txostena, aldaketa puntual gutxi batzuk egin diren arren.  Era berean, jasotako 67 iradokizunei idatziz eman beharreko erantzunak zeintzuk izan daitezkeen ere proposatu du hirigintza batzordeak.  
  • 2013ko urtarrilaren 15ean: Osoko bilkuran hirigintza batzordeak proposatutako irizpideak onartu dira.

Proposamen nagusiak

HAPO idazteko jarraituko diren irizpideak hiru ataletan daude berezituta:

1. Aholku Kontseiluak landutako gaietatik eratorritakoak (27 irizpide guztira, bost arlotan banatuta):

Etxebizitzaren arlokoak dira irizpide gehienak (11) eta horietan azpimarragarrienak.

  • Azerin etxebizitzak egitearen alde egiten da, orain arte planeamenduan jasotakoa mantentzearen iritzia finkatuz.
  • Aprendizen eraikinean etxebizitzak ez egitea eta jarduera ekonomikoetarako mantentzearen alde egin du Udalak. Esan SPRIren esku dagoela eraikina mantentzea ala beste bategatik ordezkatzea.
  • Barrutieta-Bustintza-Atxabalpe-Akisoalde: Atxabalpe ekipamenduetarako uztea eta gainontzekoa lurzoru hiritarrezin bezala sailkatzea (eremu honetan etxebizitzarik ez egitea, alegia) erabaki da.
  • Aldaiazpi: Udala ez dator bat aurrerapen agirian jasotakoarekin eta birgaitzearen alde egin du, beti ere bizilagunei kontsulta eginez.
  • San Josepe harrobia: Udala indarrean dagoen planeamenduak jasotzen duena mantentzearen alde dago (industrigune bezala lagatzea). Bestetik, agirian islatuko da Ekobarrutiaren aukera guztiz ez baztertzea eta industrigunearen garapena atzeratu egingo da, 2. laurtekora eramanez.

Jarduera ekonomikoaren arloan hiru irizpide jaso dira. Horietako bat nabarmentzekoa da, Kanpazar harrobiari dagokiona: bertan gaur egungo planeamenduan jasotakoa mantentzea aurreikusiko da, lurrazpiko meatzaritza garatu ez dadin behar besteko babes neurriak ezarriz.

Mugikortasunaren arloko esku-hartzeei dagokienez, lau irizpide markatu dira. Haien artean Etxe txikiei dagokiena: Udalak etxe txiki guztiak babestearen alde egin du, beti ere ekimen hori Plan Berezi bati loturik geldituz gero, etxebizitzek bizigarritasun baldintzak bete ditzaten.

Ekipamenduen arloan sei irizpide jaso dira, gehienetan berretsi egin da indarrean dagoen planeamenduak jasotzen duena.

Gainontzekoen arloan, bi irizpide dira azpimarratzekoak:

Inguru naturala: Udalaitz babestu eta ondare naturala balorean jartzearen alde egin da. Hirigunea eta nekazal auzoak oinezkoen bidez lotzeko eraztun berdea egitea ere proposatu da.

Ondare arkeologikoa: Iradokizun bat jaso da hau proposatuz:

  • Udalatx: babes maila 600m-ra jaistea.
  • Lezetxiki: Karraskain bailara guztiari babesa ematea.
  • Murugaina: babes maila 750m-tara jaistea.
  • Etxaluze: haitzuloaren babesa San Josepe etxeraino handitzea.
  • San Balerio ermita: ingurua babestea.
  • Horrez gain, baserri, ermita, errota, labadero e.a. babestea. 

Proposamen honekin bat egin du Udalak, proposatutako zehaztapenak zehatz aztertu beharko direla azpimarratuz. 

2. Udal ingurumen sailak adierazitako irizpideak (5 dira guztira).

3. Iradokizun zehatz batzuen ondorioz finkatutako irizpideak (11 dira guztira).

Hemendik aurrerako bidea

  • Udala Aholku Kontseiluko kideez bilduko da osoko bilkuran hartutako erabakiaren berri emateko.
  • Irizpideak onartuta, agiria idazten hasiko dira udal zerbitzuak. Agiri zehatz eta osotu bat izango da eta honek bere denbora eramango du. Urtebete behintzat beharko da HAPO agiria idazteko.
  • Behin hau idatzitakoan Udal Plenoak hasiera baten onartuko du eta jendaurrean jarriko da. Agiri honi buruz ere, Aholku Kontseiluak txostena eman beharko du.
  • Alegazioak aztertu eta Aholku Kontseiluaren txostena jaso ondoren, Udal Plenoak behin behinekoz onartuko du agiria. Funtsezko aldaketak sartu ezkero berriz ere hasiera baten onartu beharko da eta jendaurrean jarri.
  • Behin behinekoz onartutako dokumentua Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolamendurako Batzordeari bidaliko zaio honek dagokion txostena egin dezan.
  • Aurreko txostena jaso ondoren Udal Plenoak Behin betikoz onartu ahal izango du HAPO agiria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak