Mozambikeko proiektuaren berri jasotzera deitzen dituzte gaur arrasatearrak

Leire Kortabarria 2013ko urtarrilaren 16a

Harremanek eta Mundukidek arrasatearrei zuzenean eman gura diete Mozambikeko proiektuen berri. Horretarako ekitaldia egingo dute gaur, eguaztena, Kulturaten, 19:00etan.

Beñat Arzadun da Mozambikeko proiektuaren kudeatzaileetako bat. Handik etorri berri da eta berak egingo du hitz gaurko ekitaldian. Bestalde, Txorbela otxote arrasatearrak gozatuko du ekitaldia bere ahots ederrekin. Sentsibilizazio kanpaina baten barruan hitzaldiak eman izan ohi ditu Harreman GKEk eta eguaztenekoa hala izango dela esan dio Cristina Etxenausia erakundeko kideak Zuriñe Velez de Mendizabal kazetariari. "Mundukidek zuzentzen eta Harremanek kolaboratzen duen proiektua da Mozambikekoa". Harremanen deskargua "Oso labur bada ere, ekitaldia aprobetxatu gura dugu Harreman GKEn egiten dugunari buruz berba egiteko". Arrasaten erakundea ezaguna den arren, deskargua egingo dute: "Ekintzen berri eman eta batutako dirua zenbatekoa izan den eta horretatik zenbat ematen dugun azalduko dugu. Normalean jasotako dirua inbertitzen dugu, Mozambikeko proiekturako edota Ankur egitasmorako (nesken umezurtz-etxea)", esan zion Etxenausiak Velez de Mendizabali. Hala, interesa duten guztiak animatzen ditu Etxenausiak eguazteneko ekitaldira: "Beti izaten da interesgarria horrelako proiektuak ezagutzea eta ematen den dirua nora doan ikustea". Diru kontuak aipatuta, krisi garaian egonda, zenbait kontutan atzeraldia igarri duten arren, "herritarrek beraien ekarpenak egiten jarraitzen dute", eta eskerrak eman dizkie guztiei beraien laguntzagatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak