Maria Ubarretxena, beste debagoiendar bat Urkulluren Jaurlaritzan

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko urtarrilaren 15a

Maria Ubarretxena Cid EAJko zinegotzia Arrasaten izango da Ekonomia Sozialeko zuzendaria Eusko Jaurlaritzan. Gaurko Gobernu Kontseiluan hartu dute erabakia Urkullu lehendakariak eta sailburuek, beste hainbat izendapen eta Kargu-kentzeekin batera. Esaterako, orain arte, Lopezekin, Berrikuntza eta Informazio Gizarteko zuzendaria izan den Xabier Zabaltza bergararraren kargu-kentzea ere erabaki da. Gogoan izango duzuenez, joan zen astean izendatu zuten Estrategia eta Planifikazio zuzendari, Aitor Urtzelai Intza oñatiarra.

Maria Ubarretxena urretxuarra da izatez, baina urteak daramatza Arrasaten bizitzen eta oraingo agintalditik da EAJren zinegotzi.

Juan Mari Aburtoren sailpekoa izango da Ubarretxena. Bilbotarrarena izango da Enplegu eta Gizarte Politiketako saila eta sail horretan jardungo du Arrasateko EAJko zinegotziak. Esan bezala, Ekonomia soziala eta Erantzukizun Sozial Enpresariala izango dira haren ardurakoak. Kooperatiba batean egiten du lan gaur egun Maria Ubarretxenak eta alor horretan jardungo du aurrerantzean Jaurlaritzan.

Arrasateko Udalean, Ogasuneko, Gazteriako eta Berdintasuneko batzar informatiboetako kide da. Arrasateko Udaleko zinegotzi karguari eutsiko dio, Jaurlaritzan lan egin arren. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak