Itxungi Rock 2013 jaialdia aurkeztu dute

Jagoba Domingo 2013ko urtarrilaren 15a

Itxungi Irratiaren aldeko asteburua izango da aste honetakoa Arrasateko gaztetxean. Irrati libre hau autogestionatzen laguntzeko musika jaialdi bat antolatu dute egubakoitz eta zapaturako.

Taula gainean Gipuzkoako hainbat talde egongo dira eta musika estilo ezberdinez gozatzeko aukera izango da gaztetxean. Autogestioaren garrantzia azpimarratu dute gaurko prentsaurrekoan, eta irratia aurrera jarraitzeko laguntza jasotzea espero dute asteburu honetan.

Egubakoitzeko hitzordua gaueko 22:00etan hasiko da, eta sarrera 3 eurotakoa izango da. Lehen gau honetan soinu gogorragoak izango dira entzungai, Metralleta, Psicoterror eta Bar Remigio taldeekin. Metralleta Zarautzetik datoz punk hardcore azkarra eginez, Psicoterror taldea Bilbo eta Arrasateko kideek osatzen duten punk zaratatsua ekarriko dute eta Bar Remigio-k Bad Religion taldearen bertsioak egingo ditu.

Zapatuan berriz, 5 euro ordaindu beharko dira taulara igoko diren 5 taldez gozatzeko. Arratsaldean arrasatearren txanda izango da, 18:00tan Fat Lizzy-ren txanda izango da, hauek Thin Lizzy talde irlandarraren bertsioak egingo dituzte, eta ondoren, Los Cretinos taldeak momentu goxo batean dagoela berretsiko du. Los Cretinosen ondoren afaltzeko tartetxo bat hartuko dute musikariek eta traka finalerako, Papalagi, Transistores 50 eta Disaster People taldeak igoko dira oholtzara. Gaua Amaitzeko Dj Elviscaino egongo da gaueko ordu txikiak arte.

Antolatzaileek kontzertutara gerturatzeko eta Itxungi irratia pizteko deialdia egin diete arrasatear guztiei, 107,0 uhinetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak