Hilerokoaren aurreko nahaste disforikoa detektatzeko tresna bat egin duzu. Zer da eta zertarako?
Emakume batzuek hilerokoaren aurreko egun eta astean hainbat asaldura edo sintoma fisiko edo psikologiko pairatzen dituzte. Batzuei ez digute eragozpen handirik sortzen, baina beste batzuei, berriz, modu larriagoan eragiten diete, eta eguneroko bizimodua egiteko trabak eragin. Horiek antzemateko screenning-tresna edo kriba-tresna bat egin dugu; profesionalek erabiltzeko galdera sorta bat da.
Zeintzuk dira sintoma horiek eta zer garrantzi dute?
Sintoma fisikoak edo psikologikoak izan daitezke: tripako minak, buruko minak eta horrelakoak, fisikoei dagokienez; eta psikologikoak, berriz, depresio, herstura edo antsietateari edo portaera ezberdinei lotutakoak; hau da, gehiago jan beharra edo loaren portaeran aldaketak. Hilerokoaren aurreko astetik edo bezperan etor daitezke sintoma horiek eta hilerokoarekin batera edo hurrengo egunetan desagertu egin beharko lirateke.
Desagertzen ez badira, beste arazo edo gaixotasunen bat dugula adieraziko luke?
Bai; nagusitzen diren sintomak depresiboak badira, adibidez, depresioarekin lotutako zerbait izan dezakegula erakutsi ahal du edo ditugun sintomak herstura edo antsietatearekin lotutakoak badira, hersturarekin lotutako nahaste batekin pentsatu beharko dugu eta ez hilerokoarekin lotutako nahaste baten.
Egin duzun tesi honekin mitoak apurtu dituzula esan genezake, orduan.
Bai; berez, mitoak alde ezberdinetatik daude: batetik, badaude emakumeak, asaldurak dituzten arren, hilerokoarekin lotu nahi ez dituztenak. Hau da, hilerokoaren aurreko nahaste hau existitzen ez den sinesmena dagoelako. Baina badago beste muturrean, beste mito bat, emakume guztiok hilerokoaren aurretik gorabehera handiak ditugula. Egin dudan azterketa honek balio du mito horiek apurtu eta esan ahal izateko badaudela asaldura horiek jasaten dituzten emakumeak, baina gutxiengoa direla. Hilerokoa dugun emakumeetatik, %5 lirateke aldaketa edo sintoma horiek dituztenak.
Zergatik aukeratu zenuen tesirako gai hau? Zein izan da prozesua?
Urteetan egin dut lan emakumearen inguruan, besteak beste, Ekin Emakumeak elkartean; oraindik ere kolaboratzailea naiz. Emakumeen inguruko balio eta estereotipoen inguruko ikerketak egiten ditugu. Ekinen nengoela erabaki nuen doktorego tesia egin behar nuela eta horrela hasi nintzen doktoregoko klaseetara joaten, ikerketa nahikotasunak egiten eta horrelakoak. Nire profila ikusita, garai hartan nire tutorea zen Itziar Alonso Arbiolek proposatu zidan hilerokoaren aurreko nahaste disforikoen gainean ikerketa egitea; hura ere gai horrekin lotutako azterketatan ziharduen. Lanean hasi bezain laster konturatu ginen ez zegoela tresna egokirik.
Zegoen hutsunea betetzea, beraz, hasierako helburua.
Bai, hala da. Ez zegoen nahaste disforikoa detektatzeko tresna baliagarririk; hau da, frogatutako testik, galde-sortarik edo elkarrizketa zientifikorik. Zeudenak oso tresna nahasiak ziren, beste zerbait diagnostikatzen zutenak, aldaketak diagnostikatzen zituztenak, eta ez nahasteak, hain zuzen ere. Baziren beste batzuk sintoma mordo bat detektatzen zituztenak eta arazoak ematen zituztenak gero, diagnostikoa egiteko orduan. Bazeuden, era berean, sintomatologia nahiko onartua zuten tresnak, baina zientziaren ziurtasun frogarik ez zutenak. Edozein tresna psikologikok behar du zientifikoki frogatuta izatea. Hainbat froga pasatu behar ditu horretarako, eta zeuden tresnek ez zuten segurtatzen froga horiek pasatuta zituzten edo ez.
Lehen lana, beraz, asaldura definitzea izan da; AEBetako Psikiatria Elkartearen buru-nahasteen diagnosi eta estatitiska-eskuliburua erabili duzu oinarrian.
Bai, psikiatria edo psikologia klinikoaren barruan, nahaste ezberdinen inguruan, hainbat sailkapen daude: Osasunerako Mundu Erakundeak ezartzen duena eta AEBetako psikiatrien elkargoak zehazten dituen irizpideak. Nik hori aukeratu nuen, ikerketa munduan onarpen handien daukana delako.
Tresna prestatu, eta 3.916 emakumerekin frogatu zenuen.
Bai; EHUko campus ezberdinetako emakumeak guztiak, profil ezberdinetakoak ikas-maila edo lan baldintzei dagokienez. Galdeketaren lehenengo zatiak 27 sintoma bereizten ditu eta ondoren, sintoma horiek sortzen dizkieten ezintasunen gainekoak jasotzen ditu.
Ateratako ondorioak, berriz?
Testa pasatu dugunen artean atera zaigun datua %15 da, baina gurea kribako tresna bat denez, diren kasu errealak baino datu handiagoa ateratzen da. Diagnosi zehatzagoa egiteko, gutxienez, beste bi hilabetetan beste proba batzuk egin beharko lirateke emakume horiekin.
Tresna baliagarria dela frogatu duzu. Zein da hurrengo pausoa?
Zabalkunde lanetan nabil orain. Zientziaren ezagutzagatik egiten diren ikerketek ez dute horrenbesteko zabalkunderik izaten eta emakumeen gaiek, are txikiagoa. Ikusi behar da benetan ze interes dagoen komunitate zientifikoan hau zabaldu ahal izateko. Biltzeko proposamen batzuk jaso ditut; hala ere, oso lasai nabil, eskolak ere ematen ditut, eta, beraz, asti luzerik ez dut. Pausoz pauso!
Merkaturatzeko aukerarik?
Merkaturatzea esaten dugunean, guretako bi zentzu dauzka: irabazi ekonomikoa lortzeko izan daiteke, batetik; edo zabalkunde zientifikoa emateko. Beraz, bi ikuspegi daude: enpresa bati saltzea, baina momentuz ez dut hori aurreikusten, ez dut uste zabalkunderako modurik onena izango litzatekeenik; eta bigarrena, beste zientzialariendako eskuragarri jartzea, erabili aurretik beti baimena emanda, noski.
Gustura zaude egindakoaz?
Bai; nola kaleratu behar dugun ikusi behar dut orain. Ez da bakarrik galdera sorta esatea, baizik eta galdera sorta hori nola interpretatu behar den, nola landu behar den, nola aztertu behar den… hori guztia egin beharra daukat orain.
Karpeta itxita, beraz? Ala ikertzaile batek ez du karpetarik izten?
Ez... [Barre] Gainera, karpeta hori itxi gabe, beste batzuk zabaldu ditut.
Hemendik abiatuta?
Ez; 2006an Ekin elkartean abian jarri genuen neska eta mutil gazteen balioen ingurukoa da; zehatzago, euskara eta emakumea gaitzat hartuta. Orain hasiko gara Arizmendi ikastolarekin batera datu bilketa bat egiten.