Meatzerreka auzoko mus txapelketa entzutetsurako hitzordua egin dute: egubakoitzean, 22:30ean jokatuko dute XXXII. txapelketa, "Meatzerrekako soziedadien". Izen-ematea egun berean 18:00etatik 22:30ak bitartean egin ahalko da, bikoteko 25 euro ordainduta. Sariak, berriz, honako hauek: txapela, garaikurra eta jasotakoaren %50; bigarrena: garaikurra eta jasotakoaren %25; hirugarrena: jasotakoaren %15 eta laugarrena: jasotakoaren %10.
Jolasak, Gorriti eta beste
Zapatuari dagokionez, berriz, lehiaketa batekin hasiko dute eguna: II. Auzoko Baserri arteko Patata Tortilla Lehiaketa, 12:00etan. Jolasekin egingo dute aurrera jaiek, 16:00etan, gazte eta umeendakoak, kasu honetan. Eta etxeko txikienak gerturatu direla aprobetxatuaz, Gorriti eta bere animaliak ere gonbidatu dituzte Meatzerrekara, 17:00etan. Gainera, txokolatada ere banatuko dute bertaratzen direnen artean.
Eta eguna borobiltzeko, 21:00etan auzotarrek afaria egingo dute; 23:30ean, Orots taldearen erromeria izango da eta 01:00etan, txerri harrapaketa.
Meza eta dantza saioa
Eta San Baleixuak bukatzeko, domekan, 11:00etan meza berezia izango da, Gesalibar eta Garagartzako abesbatzekin, San Balerioren ermitan bertan.
Eta haren ostean, dantza saioa, Txikitxu-Arrostaitz dantza taldearekin eta trikitilariek girotuta.