Ausolaneko langileak protestan

Jagoba Domingo 2013ko urtarrilaren 14a

Gaur eguerdian murrizketen aurka protestatzeko mobilizazioa egin dute Ausolan enpresako langileek. ELA, LAB eta Comisiones sindikatuek mobilizazio hau babesten dute eta gaurkoa lehena izan da.

Ausolan enpresako garbitasun saileko langileek protesta mobilizazioa egin dute gaur eguerdian. 30 bat pertsona bildu dira Arrasaten Euskadiko Kutxako eta Ipar Kutxako bulegoen garbiketan egongo diren murrizketen aurka agertzeko. Orain arteko lan egoerak behera egin du, eta honek eragin zuzena izango du Ausolan enpresako langileengan.

Aitor Gantxegi ELA-ko kideak esan duen bezala, 40 bat pertsonek sufrituko dituzte murrizketak, bai lan-ordu kopuruari lotutakoak baita soldatari lotutakoak. Ana Sebal, LAB sindikatuko kideak esan duen bezala, egoera prekarioan dabiltza lanean Ausolan enpresako garbitasuneko langileak.

Gaurko mobilizazio deia Ausolaneko komiteak egin du, eta hau, LAB, ELA eta Comisiones sindikatuak eratzen dute. Gaurkoan langileak eta komiteko kideak bildu dira protestan, eta Gantxegik gobernuak bultzatu dituen lan erreformak erru handia dutela esan du, egoera hauek gero eta sarriago gertatzeko ateak zabaldu dituztelako. Bihar Donostian izango dira mobilizazio dinamikoekin jarraitzeko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak