Screamers and Sinners: "Gure gustuko musika estiloak batzen dituen zakua da 'psychobilly'-a"

Maider Arregi 2013ko urtarrilaren 15a

2012an Euskal Herrian sortutako psychobilly taldea da Screamers & Sinners. Dagoeneko, baina, makina bat zuzeneko eskaini dute euren lehen demoa astintzeko. Beldurrezko kontuak, punka eta rockabillya batzen dituzte.  Bailaran ez duzue topatuko halako talderik. Carlote eta Jagobarekin egon gara.

Orain arteko ze balorazio egiten duzue?

Daramagun denborarako ezin gara kexatu. Harrera ona izan dugu; otsaila ezkero zuzenekoak ere eman ditugu. Egindako abesti  nahikotxo ditugu, gainera.

Rockabilly azkarra egiten duzue?

Influentzia asko sartzeko aukera eman digu: punkarena, beldurrezko gaiena eta rockabillyarena. Surfarekin ere badu fusioa gure psychobilly taldeak. 

Zer esan dizuete zuzenekoetan?

Jendeak ondo pasatzen du, barre ere egiten dute, kar-kar. Agertokitik publikoa aho zabalik ikusi dugu guri begira eta pentsatzen... "Baina hauek zertan dabiltza?".

Izan ere, zuen estetikak harrera pizten du agertokian.

Maskara eta guzti igotzen gara; egia da arreta ematen dugula; gainera, kontrabaxuarekin… gure irudiak zeresana ematen du, bai hasiera batean, ez da dena! 

Zer da zuendako psychobilly-a?

Gustatzen zaigun musika estilo asko batzen dituen zakua da guretzako. Gogo handia dugun lagunak elkartu gara proiektu honetan. Bakoitza estilo batetik gatoz eta influentzia ezberdinak ditugu, berea gehituz.

Nork bere begiekin ikusiko zaituzte, ezta?

Bai; azkenean, publiko zabala da gurea: skinak, rockabillyak, gure gurasoak… askotariko jendea da gure publikoa. Batzuendako makarregia, beste batzuendako rockabillyegia da. Egun, estilo asko barneratzen ditugu eta entzuten ditugu. Jendeak musika beste era batera apreziatzen du eta, gainera, begiak zabaltzen ere laguntzen diegu bete estilo bat ezagut eta entzun dezaten. 

Berehala sartzen dira zuen kantuak, Ramonesenak bezala.

Hori asko esatea da! Guri barrutik irteten zaiguna egiten dugu eta hori da emaitza. Sei abestiak ezberdinak dira: garagea, surfa, punka, countrya… denetarik. Alien kantuak, esaterako, eskemak apurtzen ditu.  Misfits-en bertsioa sartu dugu. Jende askorengana heldu nahi dugu.

Noizko diskoa?

12 bat kantu ditugu, eta urtarrilean kantu horiek perfekzionatzen hasiko gara, grabatzeko. Maketako kantuak ere sartuko ditugu, noski. Saxoaren kolaborazioarekin ere bagabiltza.

Ze proiektu esku artean?

Gure asmoa da Euskal Herritik ere irtetea. Madrilen eta Alacanten dagoeneko zuzenekoren bat lotzea lortu dugu. 

Dena ingelesez abesten dugu eta horrek atzerrian ateak zabalduko dizkigula uste dugu. Hasi gara kontaktuak mugitzen eta diskoa esku artean dugunean errazagoa egingo da, agian. 

Gure musikarekin dibertsioa eta geldirik ez egoteko formula topatuko dute.

-----------------

Zertzelada (Iker Barandiaran)

Rockabilliek 50eko hamarkadara jotzen dute rock-and-roll puruenaren bila berau lastozko kaxan gordetzeko. Psychobilliek, berriz, 50eko hamarkadara jotzen dute oinarrizko rock-and-rolla berpiztu eta zenbait estilo bizi, zikin eta gordinekin interpretatzeko. Hala egiten dute Neallta Fola, Los Galerna eta beste hainbat taldeetako kideek osatutako proiektuan. Oinarrizko rock-and-rolla, punka, garagea, countrya, surfa eta folka lantzen dituzte, reverb bereziko gitarra eta erritmoaren pisua biderkatzen duen kontrabaxuarekin. Entzuleak buruz irekiak izanez gero, gutxienez punk, skin eta rock-and-roll zaleak liluratuko dituzte. Dena dela, hobe duzue taldea zuzenean ikusi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak