Europara zorte bila doazenek gida-liburua dute eskura

Leire Kortabarria 2013ko urtarrilaren 15a

Ikasketa, lana edo esperientzia berriak aurten Europako Batasunean topatu gura dituenari lehen pausoa samurtzeko argitaratu berri du Eusko Jaurlaritzak Europa helmuga delako gida-liburua.

Oraingoz, Internetez bakarrik dago eskuragai, eta doan da. Norberak bere kabuz kontsultatu dezake, baina, laguntzarik behar badu edo aurrez aurre azalpen gehiago jaso gura badu, horretarako gertu izango da Dorleta Kortazar Arrasateko Gazte Informazio Bulegoan. Berak oso gomendagarritzat dauka gida hori: "Oso informazio osatua dakar eta oso gida-liburu ona da: Europan eskaintzen diren programak, hizkuntzak ikasteko baliabideak, lana nola topatu… hori eta gehiago dakar".

Gida-liburua Europan aditu den batek, Andujarko Udaleko (Jaen) Antonio Jesus Rodríguez Martínezek egin du. Udal horretan Europako Proiektuen gaineko teknikaria da, eta Gazteen Euskal Behatokiak azken urteotan egin duen lanaren emaitzak batzen ditu Europa helmuga gidan. Euskadiko gazte teknikariei ikastaroa eman zien Rodriguezek, gazteei interesatzen zaien informazioa eta kanalak kudeatzeko. 

Gida-liburua hemen dago: www.gazteaukera.euskadi.net; bestela, jo Arrasateko gazte bulegora (943 25 20 65).

Gero eta berdinduagoa 

Europako Batasuna gero eta trinkoagoa eta berdintsuagoa da, eta horixe islatzen da Europa helmuga-n. Dorleta Kortazarrek honela azaldu zion Aitziber Aranburuzabala kazetariari irratian: "Europako politikak gero eta bateratuagoak dira; Bolognarekin, Europako eremu guztirako hezkuntza sistema bateratua bilatu nahi izan da, eta lan merkatuarekin gero eta gehiago ikusten da hori".

-----------------

Informazioa ematen du eta gehiago non topatu esaten du

Elkarlanaren emaitza: 2010ean Gazteen Euskal Behatokiak egindako ikerlan baten, agerian geratu zen Euskadiko gazteak gertu zeudela atzerrira lanera edo ikastera joateko. Urte berean, nazioarteko mugikortasunerako tresnei eta baliabideei buruzko ikastaroa eman zuen Behatokiak. Irakaslea Andujarko Udaleko Antonio Jesus Rodriguez Martinez izan zen. Ikastaroko materiala gida-liburuan batzeko eskatu zion Behatokiak.

Interneten bilatzen jakin: Europako Batasunean ibiltzeko baliabideei buruzko informazio praktiko eta zabala gazteen, profesionalen eta familien esku ipintzen du Europa helmuga-k. Dorleta Kortazar gazte-informatzaileak dioen moduan, "gaur egun ia dena Interneten dago, baina bilatzen jakin behar da". Interneteko bilaketak "ordenatu eta bideratu" ditzakeen gida-liburua izan nahi du Europa helmuga-k.

Zirkulazio askea: gida-liburuak gogora ekartzen duenez, Europako Batasuneko herritarrek "EBko edozein herrialdetan bizitzeko, lan egiteko, ikasteko eta erretiroa hartzeko eskubidea dute". 

Aukera berberak: datu batzuk ematen ditu gidak: dagoeneko 2.000.000 gaztek ikasi dute atzerrian Europako Batasuneko programekin; euroa da Europako Batasuneko biztanleen bi herenen moneta, eta zabaltzen jarraituko du; Europako Batasunaren Zuzenbideak aukera berdintasuna onesten du sexu, arraza, ezintasun, nazionalitate edo beste faktore batzuen gainetik…

Ikerketan gehiago inbertituko da: krisiak Europako Batasuna astindu duen arren, "Europak lanpostu berriak eta lanesku kualifikatua behar" dituela dio gida-liburuak. "EBko zuzendariek aurreikusi dute ikerketarako gastua nabarmen handitzea, 2020rako BPGaren %3ko helburua ezarriz". Gaur egun ere, EBren aurrekontuaren herena (urteko aurrekontuko 130.000.000.000 euro) eskualde pobretuetan enplegua sortzera eta inbertsioa erakartzera bideratzen da.

Etxetik has daiteke: lana topatu nahi duenari, etxetik, atzerrira joan aurretik, bilatzen hastea gomendatzen dio Europa helmuga-k. Horretarako, Eures lan-mugikortasuneko ataria bisitatzea gomendatzen dute (ec.europa.eu/eures da Interneteko helbidea). Han, lan-eskaintzak, herrialde bakoitzeko bizitza eta lan-baldintzen gaineko informazioa, loturak… daude.  Eures aholkulariak daude herrialde guztietan. Gida-liburuak Euskadiko aholkularien kontaktua ere ematen du. Hori da bide bat; beste bat, harrera-herrialdeko enplegu-zerbitzu publikoarekin kontaktuan jartzea. Lana topatzeko beste aukera batzuen berri ere ematen du Europa helmuga-k.

Tituluak homologatu: Europako Batasuneko herritarrek modu librean zirkulatu dezakete EBko herrialde-kideetan. Europako herritar batek beste herrialde baten lan egin dezake edozein lanbidetan, nazionalen arau eta muga berberekin eta jatorrizko herrialdean duen ikasketa-tituluekin. Dena dela, zenbait herrialdek tituluak, diplomak eta kualifikazio espezifikoak eskatzen dituzte. Kasu horietan, norberaren tituluak eta ziurtagiriak harrera-herrialdeko estatuak onartu ditzan eskatu behar dela ohartarazten du gida-liburuak. Horrekin lotuta eta homologazioa samurtzeko, Europass izeneko agiri bateratua sortu du Europako Batasunak. Horren gaineko informazioa ematen du Europa helmuga-k. Norbere heziketaren, hizkuntza-gaitasunen… berri ematen du Europass agiriak.

Osasun eskubideak: zenbait eskubideren gaineko zalantzak erantzun dituzte egileek. Esaterako, Gizarte Segurantzaren onuradun denak Europako Osasun Txartela lortu behar du atzerrira joan aurretik. Osasun-prestazioak jasotzeko txartelaren titularraren eskubidea aitortzen du horrek, Europako Esparru Ekonomikoko herrialde baten edo Suitzan aldi baterako dagoen bitartean. Hala ere, herrialde batzuetan, mediku-kostu osoa edo horren zati bat norberak ordaindu behar du. "Oso garrantzitsua da ordainagiriak eta fakturak gordetzea, ondoren dirua itzul diezazuten", esaten du gida-liburuak.

Erasmus eta gehiago: Europan ikasi gura duenari begira, Europako Batasunaren ikasketa-esparru bateratuan dituen aukerak laburbiltzen ditu gidak: Leonardo da Vinci, Erasmus Mundus eta Erasmus programa ezagunak, beste batzuen artean, eta horien gaineko informazioa lortzeko Interneteko loturak.

Beste aukera batzuk: Europara irteteko beste modu batzuk ere azaltzen ditu Europa helmuga-k: boluntario gisa, Europako erakundeetan praktikak egitera, au-pair gisa, oporretan lan egitera… Eta, behin atzerrian, Europan dauden sareen berri ematen du: informaziorako, lana bilatzen laguntzeko, tituluak homologatzeko… 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak