Kantabriako Unibertsitateak Kanpanzar Arrasateri eskua hartu diola dirudi, izan ere, bi taldeek jokatutako azken hiru partiduak irabazi dizkio. Kanpotarrek 15 jokalari bakarrik ekarri zituzten Mojategira –ez zuten aldaketarik egiteko aukerarik –, baina etxeko taldeak ezin izan zuen hori aprobetxatu.
Talde morearentzat ondo hasi zen partidua, entsegua eta transformazioa egin ostean markagailuan 7-0 hasi baitziren. Hasierako minutuetan etxeko taldea nagusi izan zen, baina jokaldi batean Ander Herizek mina hartu eta zelaia utzi behar izan zuenean suspertu zen Kantabriako Unibertsitatea eta etxeko taldeak faltan bota zuen kapitain ohia.
Nahiz eta arrasatearrek joko azkarra egiten hasi, kantabriarrek gutxinaka partidua moteltzea lortu zuten, Kanpazar Arrasate taldeko jokalariak euren sarean erori ziren. Hala, kontraeraso azkarrak eginez, Kantabriako Unibertsitateak bi entsegu egin eta markagailuari buelta ematea lortu zuen. Baina arrasatearrek, lehenengo zatiko azken minutuetan erreakzionatu eta Lezamizek bi zigor kolpe sartu ostean atsedenaldira markagailuan puntu bakar bategatik galtzen joan ziren (13-14).
Bigarren zatia
Bigarren zatian ere Kanpanzar Arrasateko jokalariek nagusitasuna erakutsi zuten, baina kantabriarrek markagailuko aldea handitzea lortu zuten. Igor Isasiren mutilek ez zuten zigor kolpe bat aprobetxatu eta estrategiako jokaldietan ere ez ziren fin ibili.
Kantabriarrek etxeko taldea blokeatuta zegoela aprobetxatu eta 10 puntu gehiago egitea lortu zuten. Abantaila horrekin kanpoko taldeak partidua nola edo ala moteltzea lortu zuen. Partiduaren azken minutuetan, etxeko taldeak duen erasorako gaitasuna erakutsi eta entsegu bat egitea lortu zuen. Nahiz eta partidua irabazteko balio ez izan, entsegu horri esker, arrasatearrek bonus puntua lortu zuten.