Sailkapenean zortzi garaipenekin berdinduta zeuden bi taldeek horixe erakutsi zuten kantxan ere, parekotasun handia. Oso lehia gogorra jokatu zuten Azpeitian Lizuan.com-ek eta Mondragon Unibertsitateak, oso fisikoa, intentsitate handikoa.
Azpeitiarrak erasoan barruraino sartzen ahalegintzen ziren –kanpoko jaurtiketa ez da euren indargunea–, baina arrasatearren defentsa gogorrarekin egin zuten topo. MU ere ez zen, ordea, beste batzuetan bezain fin ibili erasoan. Kontrarioaren atzealdeko lan onari punteria falta gehituta, ohikoak dituzten 80 puntuetatik urrun geratu ziren.
Markagailuko diferentziak txikiak izan ziren beti, batzuen zein besteen aldekoak, eta azken bi minutuetan erabaki zen partidua. Lizuan.com-eko jokalariek bi hiruko sartu zituzten jarraian eta sei puntuko aldea hartu. MUkoek, ostera, jaurtiketa libreen marratik izan zuten alde hori berriro orekatzeko aukera, baina ez ziren fin ibili, eta zortzi ahaleginetik bakarra gauzatuta partiduak ihes egin zien Arrasatekoei. 64 eta 57 amaitu zen. Markagailuko aldea ahalik eta txikiena izan zedin saiatu ziren azken unera arte, halako liga parekatuan tanteoak ere garrantzitsu izan baitaitezke amaieran.
Hurrengo partidua zapatuan, 20:00etan, Araberriren kontra jokatuko dute, Iturripen.