Aspaldi hasi ziren Harreman Gobernuz Kanpoko Erakundea eta Mundukide Monzambiken hainbat proiektu garatzen. Hala, eguaztenean, Kulturateko areto nagusian hitzaldia eskainiko du Beñat Arzadun Mozambikeko proiektuen kudeatzaileetariko batek. Hala, lehenengo pertsonan ezagutu ahal izango dute arrasatearrek egitasmoa.
Sentsibilizazio kanpaina baten barruan hitzaldiak eman izan ohi ditu Harreman GKEk eta eguaztenekoa hala izango dela esan digu Cristina Etxenausia erakundeko kideak. "Mundukidek zuzentzen eta Harremanek kolaboratzen duen proiektua da Mozambikekoa".
Duela gutxi iritsi zen Beñat Arzadun Afrikatik, eta bere bizipenak gerturatuko dizkie Kulturatera bertaratzen direnei Etxenausiaren esanetan.
Gainera, hirugarren urtez jarraian Txorbela Otxotea alboan izango dute. "Oso pozik kolaboratzen dute Harremanekin, eta jendeak ere gustura entzuten ditu beraien kantuak". Ekitaldiaren amaieran abestuko du taldeak.
Harremanen deskargua
"Oso labur bada ere, ekitaldia aprobetxatu gura dugu Harreman GKEn egiten dugunari buruz berba egiteko". Arrasaten erakundea ezaguna den arren, deskargua egingo dute: "Ekintzen berri eman eta batutako dirua zenbatekoa izan den eta horretatik zenbat ematen dugun azalduko dugu. Normalean jasotako dirua inbertitzen dugu, Mozambikeko proiekturako edota Ankur egitasmorako (nesken umezurtz-etxea)".
Hala, interesa duten guztiak animatzen ditu Etxenausiak eguazteneko ekitaldira: "Beti izaten da interesgarria horrelako proiektuak ezagutzea eta ematen den dirua nora doan ikustea".
Diru kontuak aipatuta, krisi garaian egonda, zenbait kontutan atzeraldia igarri duten arren, "herritarrek beraien ekarpenak egiten jarraitzen dute", eta eskerrak eman dizkie guztiei beraien laguntzagatik.