Zein da Bilboko manifestazioan zabaldu nahi duzuen mezua?
Giza eskubideak, irtenbidea, bakea, horixe da leloa. Izan ere, presoek ere badituzte eskubideak; bestetik, irtenbidea aurkitu behar zaio gatazka armatu honi eta bakea behar dugu. Manifestazioarekin, horiek aldarrikatzeaz gain, eskatu nahi diegu gobernu espainiar eta frantziarrari urratsak eman ditzatela, mugi daitezela. Denok onartzen dugu hemen gatazka armatu bat egon dela eta gatazka horrek ondorio batzuk izan dituela: presoak, iheslariak… Horiei eta beste batzuei irtenbidea emanez, beste eszenatoki batera helduko gara. Arazo politikoa hor egongo da, baina gu ez gara hor sartzen. Gatazkaren ondorioei irtenbidea eman nahi diegu eta, hain justu ere, presoen aferari konponbideak eman.
Gaur egun ez daude bermatuta presoen eskubideak?
Bistakoa da ezetz. Eta eskubide guztiak bermatzen doazen heinean, presoak eta iheslariak etxeratzen joan beharko dute. Jendeari eskatzen diogu hurbil dadila Bilbora, bakerako bere ekarpena egitera.
Une honetan 700 bat dira presoak?
Bai, hori da kopuru gordina eta iheslariak ere mordoxka bat dira. Eta horiek sakabanatuta daude frantziar eta espainiar estatuetan barrena. Bestetik, isolamenduan daude; kartzela barruan eta baita haien artean ere, bakartuta. Badira kasuak kartzela batean bizpahiru preso politiko daudena eta haien arteko harreman txikiena ere ez daukatena. Eta, horretaz gain, Parot doktrina, preso gaixoak… Josu Uribetxeberriaren kasua ezagutzen dugu, baina badira oraindik gaixotasun sendaezinak dituzten beste 13 preso. 60 euskal preso politiko baino gehiago dira Parot doktrina ezarri zaiena eta sakabanaketak hor dirau. Gogoratu nahi dut, gainera, sakabanaketa dela mendeku modu bat presoarendako eta bere ingurune naturalarendako eta, bereziki, familia eta lagunendako.
Debagoienean zenbat preso dira?
Guztira, 30 dira eta bat bera ere ez dago Euskal Herrian. Bestalde, Luis Mari Azkargorta Kanto-ren kasua ere azpimarratzekoa da. Parot doktrina aplikatu zaio. Espetxetik irten, berriro atxilotu, Parot doktrina aplikatu eta 2018 urtera arteko kartzela zigorra aplikatu zioten. Zabarte, Unai Parot… Horiek urte piloa daroatzate kartzelan eta 30 urte bete arte han eduki nahi dituzte. Argazkia gordina da gure bailarako preso, senide eta lagunei dagokienez. Astero-astero, milaka kilometro egin, senide eta lagunari bisita eskas bat bat egiteko, funtzionarioen hika-miketan aritzeko…
30 preso horietatik, gaixo larri dagoenik ez dago, baina Parot doktrinarekin bai. Zenbat?
Esan dudan moduan, gaur egun, Kanto dago egoera horretan. Baina Unai Paroti ere aplikatuko diote eta, bestalde, hor daude Urizar Gautxori edota Zabarte ere, 25 urtetik gora daroatzatenak preso eta estatu espainolaren asmoa da horiei ere aplikatzea bisi osorako kartzela zigorra. Juridikoki arazo handiak dituzte, baina nahi dutena da kode penal zaharrekoek 30 urte betetzea eta kode penal berrikoei 40 urte betearaztea. Hori astakeria da.
Hainbat atxikipen lortu dituzue zapatuko manifestaziorako. Ze aurreikuspen duzue?
Joan zen urteko manifestazioa oso jendetsua izan zen, sekulakoa, eta oraingoan lortu nahiko genuke aurrekoa gainditzea. Iazkoak joan daitezela, baina baita beste jende klase bat. Mobilizatu ez den beste eremu bateko jendea ere erakarri nahi dugu zapatukora.
Suma daiteke hori hala izango dela?
Bai, hala igartzen dugu guk. Mugimendua badago kalean, hedabideetan, sarean… Eta, azken finean, manifestazio horretara joatea da gatazkari irtenbidea aurkitzea eta bakera hurbiltzea. Presio egitea frantziar eta espainiar estatuei.
Horren erakusle dira hainbat eragilek egindako bideoak, Durangoko azokan egin zen libdupa, Oñatiko Herrirakek egindako bideoa, hainbat atxikimendu adierazpen…
Atxikimendu piloa jaso ditugu, bai. Hasi bederatzi alderdi politikotik, sindikatu gehienek, futbolariak, musikariak, bertsolariak, aktoreak… Deigarria da Iparraldeko PSFko sozialistenak eta Modem alderdi zentristakoenak ere jaso ditugula. Herrira.org webgunean jasotzen ari gara guztiak.
Debagoienekoak ere badira.
Bai, asko, ezagunak, norbanakoak, alderdi politikoak, udalak…
EAJ ez dago, ordea.
Bai, eta deigarria iruditzen zaigu; izan ere, EAJk dio beste bide batzuk urratu dituela bakerantz abiatzeko, lanean badiharduela. Eta hori aitortzen diogu eta ondo eta zilegi iruditzen zaigu beste bide horiek erabiltzea. Baina ez dugu ulertzen gurekin eta beste herritar askorekin ez etortzea manifestaziora. Ez diogu logika handirik ikusten. Bide guztiak dira beharrezkoak, baita hau ere, aurrera egiteko. Ea hurrengoan batzen diren gure manifestaziora. Guk gonbita egingo diegu hurrengoan ere.
PSE-EE, PP, UPN, UPyD… ere ez daude.
Bai, hala da. Baina uste dugu PSFko eledun bat ere batu denez, hemengo sozialistek ere txipa aldatu beharko luketela, ez guk bakarrik. Denok batera jardun beharra dago, gauzak aldatzeko.
Eusko Jaurlaritzaren aldetik espero duzue aldarrikapenik?
Zail ikusten dut.
Debagoieneko herri guztietatik aterako dira autobusak, ezta?
Bai, goizean zein bazkalostean, kasu batzuetan, Arrasaten bezala. Txartelak erosteko aukera izango da azken unera arte, barikura arte, eta ohiko tokietan hartu ahal izango dira txartelak. Ez dago esan beharrik autobusetan joatea komeni dela, jende asko batuko baita Bilbon zapatuan. Esan behar da, gainera, hainbat ekitaldi antolatu direla goiz eta eguerdian, Areatzan eta Alde zaharrean eta, horregatik, jendea animatu gura dugu goizetik joateko Bilbora.
Urtarrilaren 12an jarrita daude begiak. Gero?
Egia da, bai, orain bagabiltza zapaturako dei egiten, baina gogoratu nahiko nuke egunero egin behar dela lan bakea, eskubideak eta irtenbideak aldarrikatzeko. Garrantzitsua da martitzenero edo azken barikuetan egiten ditugun ekitaldietan parte hartzea. Eta, nahiz eta pentsatu horietan ez dela ezer aurreratzen, bai aurreratzen da, beharrezkoak dira aurrera egiteko eta geroago eta jende gehiago badago, askoz ere hobe.