Iazkotik hona jaitsiera igarri da aurrekontuetan. Zertan islatzen da batez ere?
Batez ere inbertsioetan. Izan ere, ez gaude haietako hainbat bukaeraraino burutuko ditugula bermatzeko moduan. Gainera, astakeria izango litzateke egoera honetan Udala gehiago zorpetzea. Beraz, lehentasunak markatu ditugu 2013 eta datozen urteetarako eta haien araberakoak dira mantendu ditugun inbertsioak. Aipagarriena da Ongizate saileko eraikin berriarena; gure ustez oso garrantzitsua da arrasatearrei zerbitzu hau kalitatez eskaini ahal izateko eta urte honetan bertan martxan izan nahiko genukeen arren, 2014ra arte itxaron beharko dugu obrak bukatzeko. Horixe egoera ekonomiko honen islatako bat .
Zeintzuk izango dira aurtengo ildo nagusiak?
Ongizatea, parte hartzea, enplegua, euskara eta kultura, mugikortasuna eta hondakinen kudeaketa arduratsua.
Mugikortasunean, esaterako, 2012an Alde Zaharreko oinezko gunea egonkortzea eta ospitale inguruko aparkamendu arazoa konpontzea lortu dugu eta 2013an TAO sistemarekin hasiko gara. Garabi zerbitzuaren funtzionamendua egokitzea eta bide seinaleak zein bidegorri zatien loturak hobetzea dira aurten egingo diren beste batzuk.
Herritarren parte hartzea eragiten jarraituko dugu proiektu txikiak bultzatuz; Udal azokaren proiektuaren definizioa adibide. Hondakinen kudeaketa arduratsua bultzatuko dugu herritarrak informatuz eta beraien inplikazioa topatuz.
Gizarte ongizateari ematen diozue garrantzia, ezta?
Gaurko egoera kontuan izanda, jendearen ongizatea zaintzea lehentasunezkoa dela uste dugu. Sail honen aurrekontuari buruz azpimarratu nahi dugu aurreko urtean gastatu zena oinarri hartu dugula 2013ko partida kalkulatzeko eta beharrezkoa baldin bada gehitu egingo dugula. Aurten ere, orain arteko zerbitzu guztiak mantenduko ditugu eta, gainera, 2013an erronka berri bat daukagu: Arrasaten elikagai banku bat zabaltzeko gestioak egiten ari gara.
Oposizioak aurrekontu kontinuistak direla esan proposamena aurkeztu zenutenean.
Oposiziokoei abenduko plenoan azaldu genien azken urteotan egindako kudeaketari esker gaudela, krisialdia krisialdi, egoera ekonomiko onean. Herritarrei ematen dizkiegun zerbitzu guztiak mantendu izanak erakusten du hori. Beraz, zentzu horretan kontinuistak izaten jarraituko dugu. Zertarako aldatu ondo funtzionatzen duen zerbait? Bestetik, gustatu ala ez, gure helburu estrategiko propioak dauzkagu; hortik datoz lehen aipatu ditudan ildoak.
Pausoak ematen ari gara ongizatean, mugikortasunean…guztietan. Eta hurrengo urteetan ere norabide berean pausoak ematen jarraitzeko asmoa dugu.