2012ko abenduaren 26an onartu zuten osoko bilkuran Arrasateko 2013ko udal aurrekontua. Modu horretan, 33.569.096,32 euro izango ditu Arrasateko Udalak aurten herria gobernatzeko.
Diru kopuru horretatik 1.668.257 euro AUKEAri dagozkio eta 3.409.392,83 euro, berriz, Iturbide Egoitzaren aurrekontua da. Guztira, 2012koa baino %3,77 txikiagoa da 2013an Udalak daukan aurrekontua.
Osoko bilkurara eramandako proposamenak Bilduko eta Aralarko zinegotzien aldeko botoak jaso zituen; PSE-EE eta EAJ taldeak, berriz, kontra azaldu ziren eta PPko zinegotzia ez zen aretoan egon. Horrez gainera, alderdi sozialistak 17 emendakin aurkeztu zizkion Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontuari; ez zen bat bera ere aurrera atera.
Hala, 2013ko diru kontuei begiratuta, Udalak iaz baino diru gutxiago dauka aurten kudeaketarako. Egungo egoera ekonomikoa zein den azaltzerakoan, eragile nagusien artean Foru Fondoaren eboluzio negatiboa, Udal Legea onartu barik egotea eta beste administrazio batzuetatik jasotzen diren diru-laguntzen murrizketak aipatu zituzten.
Zerbitzuen kalitatea mantendu
Oro har, Udalaren erronka nagusia herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuen kalitatea mantentzea izango dela adierazi zuten: "Egoera hau gainditzeko, guztiz aldatu behar dugu gauzak egiteko modua".
Hala, egoerari agenda estrategiko batetik heltzeko xedea azaldu du Udal Gobernuak, erronka garrantzitsuei epe ertain eta luzera erantzun ahal izateko. Horrez gainera, gastu politiketan lehentasunak erabilgarri diren baliabideen bolumenari egokitzeko modurik egokiena "gastu arruntetan zorrotz jokatzea" dela gaineratu zuten.
Irizpide nagusiak
Hala, Gobernuak landutako aurrekontuaren memorian azaltzen diren 2013ko aurrekontuen ezaugarri nagusiei dagokienez, gizarte gaiei lehentasuna emango zaie. Diru kopuru handia bideratuko dute herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintze aldera, eta, "behar izanez gero, kontu-sailak handituko" ditu Udalak.
Bestalde, proiektu txikien alde egiten jarraituko du Udalak; tartean, azokaren proiektuaren bigarren fasearen barruan, azoka bera definitzeko asmoa azaldu du, finantza plangintza, kudeaketa eredua zein arkitektura diseinua eginda.
Bestalde, Mugikortasun Planekin segitu (TAO sistema abian ipiniz edota seinaleak hobetuz) zein langile publikoen lan baldintzak mantendu eta hobetu gura dituzte.
Garapen Ekonomikoari dagokionez, berriz, txostenean jasotzen denez, Lanbidek murrizketak egin ditu enplegua sustatzeko programako zenbatekoetan. Halaber, urteroko laguntza programa mantendu edota lanpostu berriak dakartzaten enpresa berriak sortzen jarraitu gura dutela jakinarazi dute Udal Gobernua osatzen duten taldeek.
Euskara sustatzeko jardueretan zein hezkuntzaren kalitatea hobetzearen alde apustua egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du Udal Gobernuak. Gainera, kirolari dagokionez ere, aisialdi kirola, osasunerako kirol jarduerak zein eskola kirola sustatzen jarraituko duela jasotzen du aurkeztutako txostenak.
Aurrekontuak prestatzeko orduan, bestalde, hiri hondakinak ere kontuan hartu dituzte: "Gure apustua argia da: jomuga zero zabor sortzen duen kudeaketa intregralaren alde egitea".
Ingurumena ere aintzat hartu dute: "Kurtzetxiki mendia berreskuratzea da gure helburua. Xede hirukoitza dugu: natura zaintzea, ganadu aprobetxamendua sustatzea eta aisialdirako erabiltzea".
Gastuak ehunekotan
2013ko aurrekontua onartuta, gastuei erreparatuz, aurten ere ohiko joerari eutsi eta pertsonal eta udal zerbitzuen funtzionamendura bideratuko da aurrekontuaren zati handi bat: guztira, %60,43.
Maileguen interes eta amortizazioetarako, berriz, %8,04 baliatuko da. Bestalde, diru-laguntzak finantzatzeko asmoz, aurrekontuaren %19,14 erabiliko dute; %9,06 inbertsioen zuzeneko exekuziorako; %2,63 administrazio edo erakunde batzuekin eginiko inbertsioak elkarrekin finantzatzeko; eta %0,70 langileei aurrerakin itzulgarriak emateko eta Garaia S. Coop.-en kapitalaren ekarpena egiteko.