Kepa Urteagak hartu zuen atzokoan Beñi Agirre historialarian aurkezpena egiteko ardura. Kultura zinegotziak esan zuenez, "Begira!Arrasate erakusketa amaitzeko zorian dago, eta Beñi Agirreren hitzaldiarekin borobilduko dugu ekimena'.
Agirre Arrasatera etorri zen historiako pasarte nabarmen bati buruzko berbaldia eskaintzera. Orreagako gudua izan zuen berbagai, baina ohiko bertsioa alboratuta. Izan ere, 778. urtean Orreagan jazotako guduari buruz asko esan eta kantatu izan da, eta esate baterako, Frantziako historiaren bertsioan pasarte horretan euskaldunek apenas presentziarik eduki dutela gogorarazi zuen berbaldian Agirrek.
Hain zuzen, Karlomagnok Iruña suntsitu ostean Pirinioetarako bidean zihoala, Orreagan enboskada egin zioten, eta "frantsesen arabera orduko beraien etsaiak, musulmanak, izan ziren arduradunak". Atzokoan baina Agirrek esan zuenez, euskaldunen eta musulmanen artean irabazi zuten gudua.
Orreaga 778-824 ikusentzunekoa ere ikusi ahal izan zuten atzo Kulturatera bertaratutakoek. Bigarren data horretatik aurrera (eta Orreagako gudua irabazita) euskaldunak tribuetan baino leinu handi batean elkartu ziren, eta handik, Iruñeko erresumaren hastapena eman zen, gerora nafar estatua izango zena.