Berriak joan zen ikasturtean martxan jarri zuen "Ziztadak" izeneko egitasmoa eta Arrasateraino iritsiko da hilaren 19an.
Aurkezpenean Eneko Barberena Arrasateko euskalgintzako ordezkariak esan du egunkari batek mundua ulertzeko leihoa izaten jarraitzen duela eta hauxe gaineratu du: "Egia da egun bai sareak bai gure eleaniztasunak leiho asko ireki dizkigula, baina behar dugu euskaldunok gurea izango den leiho bat. Gu aintzat hartuko gaituen leiho bat, edota zergatik ez, gu mundura eroango gaituen leiho bat".
Inazio Azkarraga-Urizar alkateak hauxe azaldu du aurkezpenean: "Hizkuntzak zerikusi handia du bizitza sentitzeko moduan eta herri honetan beharrezkoa dugu, gure eskubidea da, errealitatea euskaraz, gure modura ulertzea". Gaineratu du 4.100 BERRIAlagun daudela momentuz egiten duten lanari bultzada emateko prest eta ea beste lagun mordoa biltzen zaien hemen.
Jose Angel Aldai BERRIAlagun kanpainako koordinatzaileak eskerrak eman nahi izan dizkie bereziki eskualdeko BERRIAlagunei "erakutsi diguzuelako komunitate honen parte zaretela". Azaldu du baita ere BERRIAlagun egitasmoa ez dela bakarrik dirua lortzeko, jendea inguruan dutela sentitzeko ere badela eta euren erronka dela inguruko komunitateari adieraztea zein proiektu eta ilusio dituzten eta zein egoeratan aurkitzen diren. Hauxe ere gaineratu du Aldaik: "Garrantzitsua da ohartzea euskaraz bizi nahi dugula, horretarako, besteak beste, euskarazko hedabideak behar ditugu".
Gaur egindako jaialdiaren aurkezpenean ordezkari hauek egon dira: Debagoieneko euskara elkarteak (Jardun, Loramendi, AED eta Txatxilipurdi), Arrasateko euskalgintzako hainbat eragile (Emun, EHE, AEK, Institutua, Herri Eskola, Arizmendi), Arrasateko Udala, Berria eta jaialdian parte hartuko duten kide batzuk.
Ekitaldia
Barberenak adierazi du hilaren 19ko ekitaldiak izan nahi duela "erakusleihoa eta gorazarrea, gozamena eta hausnarketa". Ondorengo gonbidatuak izango dira bertan: Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano aurkezleak, Bea Azurmendi eta Oier Arregi bezalako Debagoieneko kantariak, toberako antzezleak, Manex Agirre edo Maddi Labayen moduko bertsolariak, Oihana Kortazar eta Alberto Iñurrategi kirolariak, Oñatiko Ganbara Txiki eta sorpresaren bat edo beste egongo dela ere aurreratu dute.
Sarrerak astelehenetik salgai
Hilaren 19an, 19:30etan izango da ekitaldia eta ordubeteko iraupena izango du. Nagusietzako sarrerak 5 euro balioko ditu eta adin txikikoek 2 euro ordaindu beharko dituzte.
Sarrerak astelehenean, hilak 14, jarriko dituzte salgai AEDn, Jardunen eta Loramendin. Egunean bertan ere erosi ahalko dira Amaia antzokian.
Bertan lortutako dirua Berriarentzat izango da.