Oskar Elizburu: "Euskara garrantzitsua zaigula erakutsi behar dugu, aktibaziorako ordua da"

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko urtarrilaren 8a

Oskar Elizburu plaentziarrak bigarren ikasturtea du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko presidente karguan eta dagoeneko 15 urte daramatza Erdu-AEK euskaltegiko zuzendari.

Zer moduz Kontseiluko presidente karguan?

Gehienbat, protokolorako gauzetarako kargua da. Kontseiluko ardura nagusia Paul Bilbaok darama, idazkari nagusiak. Dena dela, Kontseiluko Zuzendaritzan jarduteak bai, horrek lan dezente ematen du.

Zein da Kontseiluaren egitekoa?

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua euskararen aldeko ekimen guztiak batzeko eta koordinatzeko asmoarekin sortutako erakundea da. Bertan, euskalgintzako partaide garen berrogeitik gorako erakunde gaude; esan liteke euskalgintzaren partaide gehienak garela bazkide (Ikastolak, AEK, Topagunea, Elkar...). Argi duguna da asko garela eta batuta indar handiagoa egin dezakegula euskararen normalizazioan. Guztion indarrak eta ekimenak norabide berean jartzea da esku artean dugun erronka, betiere bakoitzaren ezaugarriak mantenduta. Euskararen normalizazioan, baina, ez gara euskalgintzakook lan egiten dugun bakarrak; administrazioak ere lan ikaragarria du. Administrazioak egiten duenaren jarraipena egitea ere badu helburu Kontseiluak, gutxienekoak markatzea, gabeziak erakustea, erritmo egokiak eskatzea. Argi daukat bien arteko lankidetzatik etorriko dela normalizaziorako bidea, herri ekimenetik eta administrazioak jarritako baliabide egokietatik; konpontzera kondenatuta gaude, askotan zaila izaten den arren.

Zein erronka dituzue orain esku artean?

Uste dugu euskarak ez duela behar lukeen zentralitaterik, eta konponbiderako, herri-gatazkaren konponbiderako, ezinbesteko elementua dela eta horrela aitortu behar dela. Gizarte normalizazioa hizkuntza normalizaziotik pasatu behar du ezinbestean; hizkuntza-eskubidea hor dago, hor dugu, eta bermatu beharra dago, pertsona eta komunitatearen identitate erakusle delako. Erronka da normalizazio horri begira gutxienekoak ongi markatzea.

Normalizatuta ez dagoen hizkuntza baten kontra askotan urratzen dira eskubideak eta horiek defendatzeko Euskararen Behatokia duzue.

Eskubide horiek defendatzeko dago Behatokia, salaketak jaso eta bideratzeko, euskaldunoi laguntzeko, gizarteari hori guztia erakusteko... Zoritxarrez, urtero, ondorio txosten mardula ateratzen da. Euskarak oraindik ez ditu bere eskubide guztiak aitortuta, baina, gainera, aitortuta dituen asko ez dira betetzen. Azken urteotan, hori guztia kaleratzeko bidea hartu da, Internet bidez errealitatea barreiatzeko aukera ona da, jendeak ikusi egiten du gertatzen dena, berehala ulertzen du.  Hortik aktibaziora pasatzeko aukera dagoela uste dugu.

Oraingoz, zein ondorio atera dituzue Behatokitik?

Ondorio bi aipatuko nituzke, kontrajarriak neurri batean. Urtero, urraketa askoren berri jasotzen da eta horien berri eman da eman behar den tokian. Horietako batzuk, gero, konpondu egiten dira, eta beste batzuk ez. Alde batetik, kontzientzia badagoela erakusten du horrek, baina bestetik, ikusten dut oso gutxitan protestatzen dugula. Aspaldian, Euskaraz bizi nahi dut leloa darabilgu behin eta berriro Kontseiluan; norabide egokian joan gaitezen, nahi hori erakutsi beharra dago, ikusi behar da benetan nahi dugula eta lortzera goazela. Horretarako, baina, nork bere aletxoa jarri beharko du egunero, bere esparruan, dauden aukerak aprobetxatzen, besteei aukerak ematen, aukera horiek eskatzen, aldarrikatzen eta gabeziak erakusten. Euskara garrantzitsua zaigula erakutsi behar dugu, aktibaziorako ordua da.

Erdu-AEK euskaltegiko zuzendaria ere bazara. Gustura zaude egiten duzuen lanarekin?

Oso gustura nabil AEKn, nire bizitzaren erdia baino gehiago eman dut erakunde horretan eta jarraitzeko asmoa dut. Bete-betean egiten du AEK-k euskalduntze-alfabetatze lanean; sinetsita, giro egokian lantzeko asmoaz beti, ikasleen arteko giroa eta konplizitatea lortzeko asmoz. Euskara ikastea, maitatzea eta erabiltzea dela muga argi dugu, eta hala azaltzen diegu ikasleei. Irakasle lana nahiko emankorra da gure arloan, ikastera datoz eta ahalegin handia egiten dute ikasleek; horrek poztasuna ematen dizu, gustura egoteko aukera. Ikasle gehienak lagun bihurtzen zaizkizu, asko hizkuntzakide ere bai...

Gaur egun zein da euskaltegien egoera? Krisiak izan du eraginik?

Bai, izan du; baina krisiak baino gehiago eragiten du hizkuntza politikak eta handik hartutako erabaki askok (bekak kentzea, tituluak oparitzea, hizkuntza-eskakizunak murriztea, laguntzak gutxitzea...) Euskaltegion lana beti goraipatu dute, baina oraindik normalizatu gabeko arloa da. 

Ea hemendik aurrera bide egokian sartzen garen! Argi daukat hizkuntza politika egokiarekin, euskararen sustapen egokiarekin eta prestigioa emanda askoz jende gehiagok hartuko lukeela ikasteko erabakia. Erabaki ausartetarako garaia datorrela uste dut. Pentsa zenbat jende dugun euskalduntzeko... oraindik!

Debagoieneko euskara erabilerari dagokionez, zer esango zenuke?

Nik uste dut ez dela ez txarra eta ez ona. Egun batean etsipenez ikusten dut eta hurrengoan pozik.  Dugun gizartearen ispilua da, familia asko eta asko sortu dira azken urteotan ama hizkuntza erdara izanda eta eskolan euskaraz ikasi eta gero. Hor ez da erraza transmisioa lortzea, zailtasunak daude, segurtasun falta. Egunerokotasunetarako baino gehiago, ezohikoetarako prestatu dira euskaraz. Ba al dakigu jolasten, adarra jotzen eta haserretzen euskaraz? Ez al da hori gehienetan egiten duguna egunean zehar? Hor dugu erronka, espazio horiek erabiltzen, lagunartekoa, familia eta aisialdia euskaraz eroso bizi behar ditugu normalizazioa lortzeko. Botila erdi beteta ikusten dut, beste erdia betetzen jarraitu behar!

AEKren helburua da euskararen berreskuratzea eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea. Zein ekintza eramaten dituzue aurrera helburu hori lortzeko?

Klaseak, normalizazio planak, mintzalagun egitasmoak eta sustapena. Gaur egun, denetik eta euskarri askotan. Klaseak aurrez aurre, barnetegian, sarean, enpresetan... era askotan ematen ditugu, baina erabilera helburu, komunikazioa helburu.  Normalizazioari begira ekintza ugari, 100 euskaltegi inguru ditugu Euskal Herrian, zazpi herrialdeetan, eta tokian tokiko euskalgintzarekin eta herri ekimen zein administrazioekin elkarlanean aritzen gara.

Korrika aurten egingo da berriro. Nola doaz prestaketa kontuak?

Korrika da sustapenerako eta normalizaziorako ekintzarik handiena. AEK-k antolatu bai, baina herritarrek burutzen dute, ikaragarria da noraino iritsi den. Aurten Eman euskara elkarri da leloa, mezua, denok eman behar dugula apurtxo bat gehiago, ondokoari erabiltzeko erraztasunak eman behar dizkiogula.

Gure bailaratik zein egunetan pasako da Korrika?

Martxoaren 20tik 21erako gauerdian sartuko da Elosutik Korrika, eta gau osoan zehar ibiliko da gurean: Bergara, Antzuola, Oñati, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Gatzaga. Arabarrei egunsentiarekin-edo emango diegu lekukoa. Korrikaren inguruan informazio guztia dago www.korrika.org webgunean, eta bertan, jo eta su arituko gara hemendik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak